ZUZENDARIARI

'Benallagate'

2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duela mende erdi bat Richard Nixon presidenteak aurre egin behar zion arazoaren izen tankera berbera merezi du egun hauetan Macron frantses presidenteari dagokionak. Dena prentsak salatutako ekintza batetik etorri da, eta gaur dauzkagun filmatu eta argazkiratzeko tresna guztien laguntzari esker ezin ditu gobernu batek ekintza ezezkorrak hain erraz ukatzen ahal. Naski «auzitegi mediatikoa» delakoa salatzen dute garaiko botereek; hau egia daiteke mihi txarra izateko fama duen kazeta batetik etortzen bada —eta egon badira politikaren mutur guztietan—, baina Le Monde ospetsutik berria etorri denez gero, oso zaila iruditzen zait kazeta horri berri faltsuen hedatzearen leporatzea.

Akatsa salatu eta berehala egin diren telebistako debateetan hitz gogorrak entzun ditugu gaiari buruz; bururatu ditudan gogorrenak hauek izan dira: «Zuzenbiderik gabeko gune bat Elysée jauregia bihurtu ote da?», eta «Haitin izan ziren bezalako Tonton Macoute taldeak izaten ote dira Frantzian?». Gehiegizkoak irudi arren, uste dut nahiko zuzenak direla bi ohar horiek eta herritargoari estatuak ukan ditzakeen bide zidor eta ilunen lanjerra ele hauetaz seinalatu nahi zaiola.

Alexandre Benallaren funtzioa gobernuaren jauregian eta hortik kanpoan bizkartzain bezala Macron presidentearen inguruan jardutea da, ez kaleetako manifestazio legezko eta arruntetan, manifestazioa egiten den lekuetan presidentea agertu behar zuen kasuetan salbu.

Araudi horri jarraituz, ez zuen Maiatzaren Lehenaren kari egiten ziren manifestazioetan izan behar, beraz, Benalla jaunak. Poliziari «laguntzeko» etorri omen zen, manifestazioa okertzen bazen; baina nola gizon bakar batek, baita manifestazioetarik lasaienetan ere, polizia ehun bati laguntza eman diezaioke? Horretarako dira polizia prefekturak, polizia etxeak eta jendarmeak. Estatu demokratiko guzien poliziak gizon eta bide asko badituzte manifestazio baten kontrolatzeko, gobernuaren jauregitik «zorro» bat deitzeke. Horretaz gainera, ofizialki ikusle bezala etorri omen zen Benalla, baina haatik polizia baten lekua hartu du, osoki legearen kontrakoa dena.

Askoz kezkagarriago izan da gobernuak dena isildu izana eta Benallari zigor apalena ematea (diru saririk gabeko bi aste), baina denboraldi honetan Benalla ikusia izan da Macron presidentearen ondoan ekitaldi askotan. Honetaz gainera, Benallak berak adierazi duenez, erabili gabeko oporraldietatik lortutako diruaz bizi izan da bi aste hauetan. Zigor apalagoa, beraz.

Arazo honetan ukapenaren atzean ezkutatzen ari da gobernua. Gauza argiago izan balitz, berehala emanen zuen horren berri eta zigor handiagorik hartuko zituen Benallaren aurka; lanpostutik kentzea gutxienez. Gobernuaren mailan izateaz gainera, Benallarena berarena ere da ukapena, bideoak erakusten duenari aitzi, manifestariak jo ez dituela berresten duelarik. Hain erraz egiaztatzen diren gauzez ukapenean egoten baldin bada, zer gerta liteke ikusi ez dugunari buruz? Galdera asko egin diezaioke bere buruari herritar arruntak.

Arazo sozialak gero eta gogorrago diren denbora hauetan, gobernua polizia paralelak prestatzen ari dela pentsa dezakegu. Jendearen beldurtzea helburutzat duten ekintzaileak manifestazioetan sartuz. Maiatzeko Lehenaren manifestazioa egin zen lekutik kanpoan beste bideorik dagoenezgero, ezin dugu baieztatu Benallagate-a horretan geratuko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.