ZUZENDARIARI

Berria, beti eder?

2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Egunero bezala, eskolarantz abiatu, kafetxo bat hartu, eta gelarantz. Sartu orduko, gelako ordenagailua eta proiektorea piztu eta ikasleei egun ona eman diet; lauk erantzun didate. Gehienak ordenagailuei so daude; irakaslea sartu denik ohartu ere ez dira egin. Berriro ere, klasea hasterako pantailen aurka borroka egin beharko dut ikasleen arreta lortzeko.

Orain dela ez asko irakurri nuen Suedian hezkuntzako plan digitalari mugak ezartzea erabaki dutela. PIRLS txostenean (ikasleen irakurmen eta ulermen maila ebaluatzeko nazioarteko azterketa) eskandinaviar herrialdea 9. postuan dago. Baina geletan pantailen erabilera murriztu eta liburuei lehentasuna ematea erabaki dute. Honela zioen Suediako sailburuak: «Liburuek tabletak ordezkatu ezin ditzakeen abantailak dituzte. Analfabeto funtzionalen belaunaldia sor dezakegu». Izan ere, 2.000 irakasleri eginiko inkesta baten arabera, bostetik batek zioen ikasleek sekula edo ia sekula ez dutela eskuz ezer idazten.

Suediaz kanpo ere bada hezkuntzan pantailen erabilerak duen eraginaz arduraturik dagoenik. Irlandako Greystones hiriko ikastetxe eta guraso elkarteek Smartphonerik gabeko kodea adostu dute: ikasleei 13 urte bete arte sakelako telefonorik ez erosteko kompromisoa hartu dute. Frantzian, eskolak pantailaz betetzen ari direla eta, gogoetarik gabeko bide arriskutsua egiten ari direla salatu du CoLINE gurasoen kolektiboak: haur eta gazte bakoitzari tableta edo ordenagailu eramangarria emateak ez bide du ikasketa hoberik bermatzen, eta hainbat gaitasun kamusten ditu. Herbehereetan ere, ikastetxeetan telefonoen erabilera debekatzea proposatu du gobernuak 2024tik aurrera, ikastetxe eta gurasoekin adostu ondoren.

Badirudi, beraz, hainbat ikerketak eta ebidentziak eskuz idaztearen onurak frogatu arren, ikasleek gero eta gutxiago irakurtzen dutela, zer esanik ez eskuz idatzi. Gurean ere, gero eta gazteago hasten dira gailu digitalak erabiltzen, eta hezkuntzan ere tokian tokiko digitalizazio planak daude; zaila da ordenagailurik gabe jardutea.

Tresna modu horiek onurak ekarri dizkigute, baiki. Baina, belaunaldietan zehar erabili izan ditugun baliabideak ez ote dira baliagarriak gaur egun? Bide zapaldua, bide segurua omen. Tresna digitalak ikaste-irakaste prozesuaren oinarri bihurtu aurretik, izan behar duten presentzia ondo hausnartu beharko litzateke, beste hainbat baliabiderekin uztartuz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.