ZUZENDARIARI

Beti izango dugu Bilbao

Julen Orbea.
Bilbo
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fermin Muguruzak halaxe idatzi zuen, duela hogei bat urte: Beti izango dugu Bilbao. Dena zen grisa eta zu urdinez, min bat badago iraganean, denbora pasako da? Kantua zara... Bilbao.

85 urteko atzera begira jarri gara Bilbon. Azken milizianoak Artxandan eta Malmasinen Bilbo defendatzen. Bizkaiko hiriburua erori eta hamarkada luzeko iluntasuna ekarri ziguten. Gerra, biolentzia eta errepresio politiko zein kulturala ekarri baitziguten. Begoñako hilerrian agertutako gorpuzkiak, gorputz zireneko 1937ko udaberrira begira, «ez ahaztu, ez ahaztu...» xuxurlatzen dute hezurrek, hiriaren erresistentzia antifaxistaren ikur bihurtu diren hobietatik.

Efemeridea heltzen denean, memoriari tartea egiten diogu. Amamek aipatutako lekuetara bueltatzen gara, bizirik dirauten eraikinetara goaz, zuri-beltzezko argazkietara bidaiatzen dugu. Hiria faxisten esku erori zen, baina gaur udaberrian Bilbo ehunka ekimenez betetzen da. Auzokide, eragile eta borroka ezberdinek plazak betetzen dituzte. Garaituak izan ez garenaren adierazle argiena.

Ekaina berriro, eta kultur aniztasuna ospatzeko arrozek, kalitatezko osasungintza publiko baten defentsak, hiri turistifikatuaren ondorioen salaketak, auzoetako jai herrikoien indarrak, liburu azokako letrak, gazte egunak... Bilboko auzoak borborka agertzen dira aurten ere, hemen gaudela, altxatu garela eta bizirik gaudela ahaztu ez dezagun.

Oroimena, etorkizunera begira jarriko gaituen tresna gisa, errautsetatik zutitu eta oinez jartzea lortu izanaren seinalea da. Ez dira datu eta data hotzak, ez da iragan beltz baten ahanztura ezta garai grisen nostalgia ere. Nondik gatozen argi izan behar hori, memoria kolektibo hori, gaur borrokan jarraitzeko pizgarria eta biharko borrokak marrazteko bidea dira aldi berean.

Astelehenero pentsio duinen alde borrokan dagoen amamak gogoratzen digu etenik izan ez duen hari hori. Euskaria abesbatzako ahots batek gogoratzen digu Bilbo Kantari ekimenak bizirik dirauela. NATOren aurka kalera aterako den gazteak gogoratuko dio aurka bozkatu eta 1986ko kontzertu hartan egon zenari. Udaberriko bertso saioek, frankismo gordinenean Bilboko Areatzan irabazitako txapela oroitzen digute. Hari berean doaz Euskaldunaren itxiera salatu zutenak eta gaur erresidentzietan, Guggenheim museoan edo Metaleko lan hitzarmena hobetzearen alde dauden langileak. Hari horren jabe da duela 30 urte Bilboko gaztetxearen desalojoan egondakoa 7Katu zapaltzen duenean, Kukutza, Sorgintxulo eta hainbat gune askeren lekuko. Dozenaka bizipen hari berean, hiri berean.

Faxisten sarreratik 85 urte beteko diren egunaren bezperan, bilbotarrok badugu zer ospatu! Hemen gaudela, zutik, borrokarako prest eta etorkizunaren ateak parez pare zabalik! Antifaxista izatea jarrera bat da, izateko era bat. Hiri feminista, ekologista, antirrazista, behetik gorako eta auzoetatik zentrorako Bilbo berri bat eraiki nahi dugunon izaera. Bihar, larunbata, 17:30ean, ekarri zure ikur eta aldarrikapenak Arriagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.