ZUZENDARIARI

Bi AHT

Getxo.
2015eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Urte asko joan dira hemengo AHTa egitea erabaki zutenetik, urte asko lan erraldoiak egiten hasi zirenetik. Denbora horretan guztian, asko izan dira AHT proiektuak eragin dituen zalantzak eta protestak: inbertsioen justifikazioa, horien errentagarritasun zalantzazkoa, kalte ekologikoak, eta abar. Dena da handia proiektu horri dagokionez, lanak, diruak, protestak...

Baina askotariko argudioak entzunak ditugun arren, ondo egongo litzateke norbaitek azaltzea zergatik ari garen bi AHT eraikitzen. Bai, ze norbaitek kontrakoa demostratuko didan esperoan, bi AHT egiten ari garela adierazi nahi dut. Antza, kritikoei ere ahaztu egiten zaie huskeria hori komentatzea, alegia, bi AHT ordaintzen ari garela. Nola? Hona labur eta ahalik eta argien azalduta.

Hemengo jauntxoei bururatu zitzaien hango gure nagusiei urtero ordaintzen diegun dirutzaren (Kupoa, 1.500-2.000 milioi euro) zati bat AHTa egiteko erabil zitekeela. Alegia, hangoekin negoziatzea eta zera proposatzea: «Guk aurreratuko dugu AHTrako dirutza urtero, eta gero Kupotik deskontatuko dugu». Bestela esanda, dena kapitalean xahutu beharrean, zati bat hemengo tunel-zubietan lurperatu dezakegu, obra faraoniko bat eginda.

Horrela joan ziren hasierako urteak; baina aspaldion —isilik gordetzen dute hori— haiek ez dute deskontatzen AHTren zatia, arazoetan baitabiltza kalkuluekin eta diruekin. Ondorioa? Kupoa osorik ordaintzen dugu; eta, gainera, AHTa eraikitzeko dirutza ere ipintzen jarraitzen dugu: bi AHT.

Eta hori krisi garaian egitea lortu badugu, ez dut pentsatu nahi zer eraiki dezakegun krisia apur bat gainditzen badugu. Tren magnetiko bat, gutxienez; edo igual autopista bat itsaso gainetik ez dakit noraino. A, eta ahaztu barik gu hobeki zaintzeko hemen jarraitzen duten milaka guardia zibil eta polizia espainol ere gure diruekin pagatuta daudela (milaka batzuk, ehunka milioi euro). Aberatsak gara, eta gu ohartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.