Bi lagun zahar, biak ala biak apaiz; Nafarroan bata, Gipuzkoan bestea. Udako oporraldian Nafarroako herri batean elkartzeko eta elkarri kontuak esateko ohitura dute; aurten ere bai. Apaiz gipuzkoarrak aitortu dio kideari gero eta gaitzago suertatzen zaiola aurre egitea apaiz-bizimoduaren zailtasunei: «ahul eta abaildua» sentitzen dela dio, eta, gainera, berak eta beste apaiz askok pairatzen dutela «bakardadearekiko borroka, eta sentitzea ez zarela, ez inorentzat, eta ez inorena».
Nafarroakoak dio ulertzen diola: bokazioak gero eta urriagoak dira, baina apaizei gero eta gehiago eskatzen zaiela; laster parrokia batzuk itxi eta fededunak parrokia handiagoetara bildu beharko dira. Lehengo bi edo hiru apaizen zerbitzua orain apaiz bakar batek ematea, nekez.
Apaiz gipuzkoarrak buruarekin baiezkoa egin eta jarraitu du esaten bere elizan arazo ugari sortzen direla egunerokoan eta ez dagoela soluzio errazik; izan ere, gero eta apaiz gehiago erretzeko arriskuan dago probintzian; berak ere ez daki jasango duen...
Orduan apaiz nafarrak esan dio bera ere haren antzera dabilela: hipoteka ezin eramanda jende asko joaten zaiola laguntza eske, eta Elizak ez duela deus egiten haien alde... Parrokiara langabe anitz joaten zaiola egunero, kasu larriak zinez, eta apaiz baten bihotzean eskuzabaltasuna nagusi izanik ere, sarritan oso prezio garestian ordaintzen dela eskuzabaltasun hori... Eta nori eskatu laguntza, artzapezpikuari? Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuaren lehentasuna Antsoaingo klinika baten aurrean errezatzea omen da, legezko abortuak direla-eta.
Barre isila egin du gipuzkoarrak, Munilla apezpikua ere oso lanpeturik dagoelako abortatzeko eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kontra adierazpenak egiten, egun batean bai eta bestean ere bai.
Nafarroan aritzen den apaizak, berriz, kontatu zion Francisco Pedro Gonzalez apezpikua ez dela hain mediatikoa, baina isil-isilean ari dela lanean baselizak, elizak eta beste immatrikulatzen, Elizaren izenean ondasunak jartzen, ad gloriam Ecclesiae... eta bitartean Cáritas, zeharo gaindituta.
«Ez da harritzekoa gero eta apaiz gehiago erreta egotea», esan du batak.
«Jainkoak begira gaitzala», besteak.
ZUZENDARIARI
Bi apaiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu