ZUZENDARIARI

Bidea bide: etengabeko migrazioa

2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Abuztuaren 30ean, asteartez, Behobiatik Endarlatsako trenbide zaharrean badabil oinezko nahiz txirrindularirik, alboan Bidasoa ibaia dela. Etxetxarreko erriberan ere bada ibaiak igarotzeko aukera ematen duen gunea, gerra garaian-eta hainbatek erabilitakoa.

San Migel aldeko geltoki zaharreko ur-lasterren gunean inoiz izan den ur-emaririk txikiena nabari da; estuenean hiru metroko tartea besterik ez Iparraldera jauzi egiteko, baina kasu!

Etxalar eta Lesaka arteko Bereauko Erdi Aroko kare haitzezko lau arkudun zubi zaharra konpontzen ari da ekainaren 27a ezkero Nafarroako Gobernua, datorren urteko udazkenean amaitzeko asmotan. Gaur bertan, besteak beste, begirada biziko hiru beltz gazte ari dira lanean.

Etxalarrera bidean bidegurutzeko benta. Herri-gunean Tximista erreka aldera hartu eta goiti ekin diot. Apezborro aldea baino lehen inguruko baso eta bide guztian hedatzen den ohiko musika-hotsa. Goiz erdia denez, Arrate irratiaren seinalea da; baserri horretan bizi denak maite du, antza, urrundik datorren euskal sintonia.

Lizarrieta gainean txirrindulari eta mendizale anitz. Eta aroari dagokionez, hegazti-migrazioaren nondik norakoa behatu eta datuak jaso eta jaso ari dira sei lagun.

Hona abuztuaren 15etik hona jasotakoak: lau arrano txiki, bost arrano sugezale, 35 arrano arrantzale, 1.999 zapelatz liztorjale, 67 miru beltz, zazpi miru gorri, 68 mirotz urdin, 54 zingira-mirotz, hiru mirotz zuri, hemeretzi zapelatz arrunt, 152 gabirai arrunt, hamar zuhaitz-belatz, 37 belatz gorri, 259 lertxun hauskara, 32 lertxun gorri, 1.714 amiamoko zuri, 76 amiamoko beltz, 42 ubarroi handi eta 228 kaio.

Itzuleran, ordea, berriro Behobiara iritsi aurretik, autobide-zubipeko ibai hegian, berriro ere, hiru beltz gazte errekaz bestalde begira, ondoan guardia zibilak dituztela. Honaino etortzea gutxi balitz, errazena dirudienean, ibai santua muga.

Joan-etorrian denbora-pasako bidea gehienontzat den bitartean, bide bera oztopo gutxi batzuentzat. Bereauko zubia konpontzen ari direnak eta hauek ez dute zorte bera izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.