ZUZENDARIARI

Bilboko gau-enarak

Bedia
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Egun, 214 pertsona bizi dira Bilboko kaleetan. Kale gorrian. Noizbait bizitza aldatu eta kalekume bihurtu ziren. Noizbait ere, aterpetxeetako ateak zabaldu zitzaizkien, baina euretariko askok kalea nahiago izan zuten aterpeetako arau zurrunak onartu baino lehen; marihuanarik ez, edaberik ez, borrokarik ez, gauez irteteko aukerarik ez... Funtsean, amesgaiztoei aurre egiteko aukerarik ez.

Gauzak horrela, gauero gure «gau-enarak» kalez kale dabiltza lo egiteko leku duin baten bila. Aukeren artean zubiak, erreka bazterrak, hiribilduko aberatsen atariak, El Corte Ingles-eko «estalpea», eta kutxak daude, besteak beste. Azken horiek oso erosoak izan daitezke, baina arriskutsuak aldi berean; nork daki gauez zer haizek joko duen, eta nor eta zer asmorekin ager daitekeen kristalezko kaioletan. Bestetik, ez al da paradoxikoa bankuek kalekume asko eta asko kale gorrira bota izana, eta gaur egun banku beroiek gizarteko sasikumeen babesleku bihurtu izana? Gabon Zahar gauean Tiboli kaleko BBVA, Autonomiako Santanderra etaUrkixo zumarkaleko Kutxabankeko kutxazain ñimiñoak —besteak beste—, palazio bihurtu ziren; angulak afaltzen eta xanpainarekin topa egin beharrean, kalimotxoarekin eta patata-poltsekin eman zioten hasiera urteari Bilboko «gau-enarek».

Tamalez, urte guztiak ez dira berdinak, hotzak noiz edo noiz behin betiko bahitzen baitu kalekumeren bat. Urlia Sevillakoa zen, auzoko 3. karrikaren kantoian ibiltzen zen gizon zahar hura, eta Irala auzoko frantziskotarren jantoki sozialean bazkaltzen zuen sarritan. Seniderik ez zen agertu hiletan, baina auzo guztia agertu zen berari agur esateko. Musde kaletarra, bere espezieko ia bakarra. Bada, azkenean hil egin da.

Ez dakit zuk, irakurle maitea, baina neuk, sikiera, bere gordinkeriak gogoan ditut. Eduki bazuen itxura makala Urliak; MG botilen itsasoan nabigatzen ematen zuen eguna. Nahiko mihizolia zuen, izan ere, gogoan dut jantokian askotan errepikatutako esakunehura:

«Ametsen gatibu naiz. Gatibu naiz ametsetan. Gatibuen ametsa naiz. Ametsak presozainak dira. Loa, ordea, kartzelarik seguruena. Ametsen gatibu naiz; zoriontsu, hala ere».

Berarentzat duintasuna garrantzitsuagoa zen teilatupean bizitzea baino. Goian bego, 3. kale kantoiko sasikumea, Bilboko gau-enara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.