ZUZENDARIARI

Bilbotarra izan ala ez izan?

Mervyn Henderson McGowan.
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ni? Ni hemengoa naiz, zuek bezala —bilbotarra—. Beste mutilari esan nion hori, gehiagorik ez. Bi mutil horietako bat, Iker, ezagutzen nuen, baina Ander bere laguna, ez. Ikerrek barre egin zuen:

-Zu, bilbotarra? Bilbokoa, zu?. Eta bere lagunari: -Gezurra! Tipo hau ez da bilbotarra, irlandarra dela badakit. Urteak eta urteak daramatza hemen, baina bilbotarra... bah!

Hori ezin nuen onartu, noski:

—Entzun behar dena! Bai horixe, ni bilbotarra naiz, eta froga dezaket, gainera. Bi arrazoi emango dizkizuet: lehenengoa barregarria da, topikoa edo, baina bigarrena indartsuagoa da, eta konbentzitzen du. Eta kontatu nien zergatik naizen bilbotarra...

-Zuek dakizuenez, bilbotarrok oso bereziak gara; batzuk jaioterria aukeratzeko gai gara, eta bilbotar honek beste leku bat aukeratu zuen. Atlantikoan dagoen eta Irlanda deitzen den harri busti batean jaio nintzen. Badakit horrek ez duela ezer frogatzen, baina hau da bigarren arrazoia... Duela urte asko, Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, Bilboko erdigunean, Concha Jenerala kalean, zehatz-mehatz, ezbeharra izan nuen, asmagatik. Garai hartan, nire gorputza ez nuen zaintzen, asko erretzen nuen eta ariketa fisikoa ez nuen egiten, orain ez bezala, eta asma erasoak maiz izaten nituen. Hala ere, egun horretako erasoa handia izan zen, inhalagailuak ez zuen funtzionatzen jada, eta nire etxeko eskaileretan erori nintzen.

-Baina kontu honek zer dauka ikus... hasi zen Iker:

-Entzun, txori! Istorio hau luzeagoa da. Kasualitatez, sendagile bat gure etxean sartu zen, eta gizon horrek bere auzokoa, arnasik gabe, lurrean aurkitu zuen. Nire bihotza berpizten saiatu zen, bularrean kolpeak emanez, eta «saiatu» diot, ez zuelako lortu, baina hiru saihets bai apurtu zizkidan. Gero larrialdietako zerbitzuko medikuak heldu ziren. Hiru minutu neramatzan arnasa hartu gabe, gutxienez, nire auzokoaren arabera. Azkenean, elektrodoak erabili zituzten eta nire bihotza martxan jarri, kotxe bat bezala, eta Basurtora bidali. Beraz, ez soilik Bilbon bizi izan naiz, Bilbon hil ere izan naiz. Ez nintzen Bilbon jaio, ez, baina ze erraza den Bilbon jaiotzea, zuek bezala! Izan ere, ni zuek baino bilbotarragoa naiz; zuek ez bezala, nik nire bilbotartasuna irabazi dudalako, he ganado mi bilbainidad, I've earned my Bilbaoness. Hori bilbainada bat ez da, edo?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.