ZUZENDARIARI

Bizkaiko Ogasuna, herritarrak eta Internet

Basauri
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Niretzat, ohikoa denez, familiaren lokalaren alokairuaren hiruhileko ordainketa, BEZa, egitera joan nintzen banketxera, eta, banketxeko ilaran 45 minutu itxaron ostean, kutxako langileak esan zidan bertan ezinezkoa zela ordainketa egitea, eta Internetetik egin behar nuela.

Gustura ez nuen hartu emandako erantzuna, eta aurtengo errenta aitorpena nola egin den Bizkaian, nire susmoa (txarra) banuen. Baina, tira, «komunikazio eta Interneten garaian gaude», eta, Euskadiko administrazioarekin harremanetan jartzeko BakQ identifikazio elektronikoa banuenez, horretara jarri nintzen.

Bizkaiko Ogasuneko orrian sartu nintzen, eta biderik ez nuen ikusten. Aurretik BakQ tresna erabili izan nuen Eusko Jaurlaritzarekin, baina egun hartan ez nintzen gauza izan egin nahi nuen ordainketa egiteko. Ogasunera deitu, eta Bila plataforma deskargatu behar nuela esan zidaten, BakQ tresna izateaz gain. (Erakunde bakoitzak bere plataforma aterako du?).

Bila plataforma ordenagailuan instalatu ondoren, barriro ekin nion ordainketari, eta ez nintzen gauza izan! Informatikarekin dudan trakestasuna onartzeaz gain, frustrazio puntu bat ere etorri zitzaidan. 18 urte lokalaren BEZa ordaindu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak ordainketak egiteko jarritako bide berria ulertzeko gauza ez izateagatik ordaindu barik dago gaur egun.

Ordainketa egiteko ate guztiak itxita, Interneten bitartez da gaur egun modu bakarra, nola egin? Bidezkoa da Aldundiak eman duen jauzia? Behin eta berriro datorkit burura aurtengo errenta aitorpenean egindako bidegabekeria, eta nola hainbat eta hainbat herritar baztertuta utzi dituzten, teknologia erabiltzen ez jakiteagatik.

Non hasten den herritarren beharra eta administrazioak, kasu honetan Bizkaiko Ogasunak, noraino jarri ahal ditu bideak edota mugak herritarrek ordainketak egin ditzaten? Nire kasuan, 18 urtez BEZa ordaindu ondoren, nonbaiten pentsa daiteke zergadun moduan borondaterik ez dagoela nire betebeharrak ez egiteko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.