Otxandio

Bukolikoa eoliko

Ane Itxaso Elexpuru Uriarte
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Atxagak aipatzen zituen «leku gutxietsiak»: baserriak eta baserri horiek bizi zituzten baserritarrak (euskaldunak edo baskoak). Urte luzez, Euskal Herriko iruditeria osatu duten ingurune naturalak eta bertako biztanleak (biztanleek ere osatzen omen dutelako lekua), antzinakoaren azken arrasto direnak.

Iruditeria osatzen duten (edo zuten) inguru horiek eta lekuok bizi dituzten euskaldun baskoak dira (pluraleko lehen pertsona erabiltzen ez bainaiz ausartuko) bederen, abantzamenduaren izenean oinaze handiena pairatzen dutenak. Hiritarrek erabakitzen baitute herrietan zer, noiz eta nola egin askotan ingurumenean izan ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe.

Bazirudien ba, pinuz beteriko Euskal Herriak nahikoa gaitz bazuela, baina ez, gero etorriko zirelako itolarrian hasitako AHT-aren obrak eta eukaliptoa; eta azkenaldian trantsizio energetikoaren sinadurapean: parke eolikoak. Badirudi, behinola kostunbrismoak deskribatutako paisaiak hausteko konplota duela mende inguru hasi zela eta ez duela amaierarik.

110 parke eoliko, izen eta abizen duten 110 parke. Ustez biodibertsitatea kontuan hartu duen botanikari aditu baten eta arkeologo talde baten onespen txostena duten 110 parke berri. Paraje horietan bizi garenok jakinaren gainean jarri gabe eta guztiaren gainetik igaro ostean inposaturiko 110 parke.

Horietako bat (Kastillo) adibidetzat hartzen badugu, ikus genezake bertako basoak bizi dituzten biztanleek interes berebizikoa dutela, eta ez nik esaten dudalako, baizik eta EAEko espezie mehatxatuen katalogoan «interes berezikoa» etiketapean agertzen direlako. Han daude Quercus robur, Gernikan hain estimu handiz gordetzen duten haritza; Lucanus cervus orein burudun karrakaldoa; eta Rosalia alpina, modako abeslariak baino lehen izen hori hartua zeukan zomorro babestua, besteak beste. Han gaude Mekoleta auzoko biztanleok ere, zomorro, animalia eta landareek baino estatus txikiagoa dugun eta arestian aipatutako euskaldun basko etiketapean gaudenok (ez gaude espezie mehatxatuen katalogoan baina beharko genuke egon).

Onartzen dut beharrezkoa dela krisi klimatiko honen aurrean neurriak hartzea, energia berriztagarrien aldeko apustua egitea; baina euskaldunok apustuan beti izan dugu arrisku handia eta uste dut oraingo honetan ere aurrerapenaren izenean botatako hordago hau gehiegizkoa dela, asko pentsatu gabe eginikoa eta atzera-bueltarik ez duena. Ezin dira traktore zapalgailu eta abar guztiak erabili gure lur xume hau hondatzeko.

Guztion artean, bada, Euskal Herria saldu dugu, Euskal Herria apurtu dugu, hala nahi izan dugulako gainera: azkar eta aldi berean konturatu gabe (gure lurra borrokatu gabe eta porrota onartzen ez dugunaren plantak eginez gainera). Eta orain zer eta, bukolikoa erabat eolizatu nahian agertu zaizkigu agintariak. Utz diezaiegun 200 metroko erraldoiak barreiatzeko mendi tontorrerainoko autopistak ere egiten, eta gera gaitezen hurrengoaren zain. Irrikitan nago zer izango ote den jakiteko. Bestela, beste aukera bat ere badago: jar ditzagun errotaflexak garrasika...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.