ZUZENDARIARI

Burlatako gaztetxea, bost urte auzolanean eta autokudeaketan

Oihan Bengoetxea.
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Burlata, 2023ko maiatzaren 17a. 2019-2023 legealdiko azken osoko bilkura. Gaztetxeko kide batek, asanbladako hainbat gaztek lagunduta, honako adierazpena egin zuen alkatearen eta zinegotzien aurrean:

 

Honako adierazpena gaztetxeko kideen zein espazioan aurrera eramaten den jarduerarekin bat egiten duten herritarren ezinegona lerro gutxi batzuetan helarazteko saiakera xume bat besterik ez da. Hala ere, ezinezkoa da horrelako tarte labur batean bide luze honetan gaztetxean aritu diren pertsonen eguneroko lan konprometitua biltzea, ez eta konpromiso horren motor gisara diharduen espiritua berotzeko darabilten aspirazioak jasotzea. Honela dio:

Gutxi barru bost urte beteko ditu gaztetxeak. Bost urte ekainaren 9an Burlatako hamarnaka gaztek proiektu ezezagun eta berri baten ateak ireki zituztenetik. Hamarnaka gazte eta hamarnaka ideia, hamarnaka grina, baina konbikzio komun bat: Burlata hobeago bat nahi genuen heinean, mundu justu bat nahi genuen heinean, ezin genuen esperoan egon. Ezin genuen horren ardura inorengan utzi. Gure egunerokoaren norabideari heldu behar genion.

Edonork esanen luke bost urte ez direla urte ugari, nahiz eta egon badauden gaztetxea ordu gutxiz edukita ere gehiegikeriaren oihua ahoan dutenak. Azken finean, so egiten dionaren araberako kontua dugu, mundua ulertzeko moduaren araberakoa, hamaika bide baitaude «bost urte» esateko. Esan daiteke «20 kolektibo, 50 hitzaldi, ikuskizun, erakusketa, proiekzio eta 150 musika talde». Edo «bi kontratu baliogabe eta 300 asanblada». Baita «milaka pertsona» ere, zeinak espazioan haien aletxo txikia utzi duten.

Agerikoa denez, hamaika bide daude «bost urte» esateko, hamaika bide dauden heinean «gaztetxe» esateko. Batzuek «txiringuito» esaten diote, baita «eusko-ghetto» edo «antro» ere. Guk, ordea, «kontrakultura, politika eta aisia» esaten diogu. «Antolakuntza independentea, auzolana eta autogestioa» esaten diogu, baina batez ere «errealitatearen analisia, gogoeta kritikoa eta konpromisoa». Izan ere, beti egonen dira «mierda» besterik ez diotenak, baina horren aurrean guk sekula ez dugu «amenik» emango. Bada garaia herriari zein gizartearen osotasunari egindako ekarpena (hura txikia bada ere) aitortua izan dadin, eta bada garaia behingoz gaztetxeko jarduera onuragarria aitortua izan dadin, hura ugaltzeko espazio baten bitartez.

Aski da oztopoez eta difamazioez. Aski da negoziazio antzuez. Eta aski da paper errea diren kontratuez.

Burlatak antolakuntza independenterako espazioen aldeko aldarri ozenak eta jendetsuak egin ditu. Aurrekontuekiko zein boterea duenaren borondate politikoarekiko aske diren espazioen aldeko aldarriak. Herriak gaztetxe bat behar du. Formakuntzarako, antolakuntza independenterako eta errealitatearen eraldaketa sustatzeko espazio bat, zeinak gazteak ekintza horren partaide egiten dituen. Ez da zilegi espazioa bere burua legitimatzeko lanetan aritu behar izatea etengabe, eta proiektuari dagokion ganora ematen ez dioten horiekin negoziatzen aritu behar izatea.

Baliteke zuetako batzuek gustuko ez izatea, baina heldu ginen eta ez dugu alde egingo, gure jardueraren irismenaren jakitun baikara. Horregatik daramagu bost urte lan egiten bizi dugun gizarte kapitalistaren gaindipenaren alde, interesak eta irabazi ekonomikoak munduaren eragile nagusi izateari utzi diezaioten. Eta gogora ekarri beharra dago asanbladako kideon konpromisoa, lanean emandako ordu guztiak inolako onura pertsonalaren esperoan eman direla. Hori da duela bost urte hartutako norabidea, eta egun oraindik darabilguna: interes kolektiboen defentsaren norabidea, antolakuntza politikorako eskubidearen defentsaren eta jardutearen norabidea, gure bizitzen gainean erabakitzeko ahalmenaren aldekoa.

Antolakuntzarako espazioak bermatu. Gaztetxerako soluzioa orain!

Burlatako Gaztetxe Asanblada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.