ZUZENDARIARI

Burlatako Udalak Euskararen Ordenantza murriztu egin du

2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Burlatako Udalak, agintaldia amaitzear dagoen honetan, Euskararen Ordenantza aldatu egin du (2023ko martxoaren 28an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Navarra Sumak eta PSN-PSOEk gehiengo osoa dutenez, ezin zen onerako izan. Hauek dira aldaketa nagusiak:

—Euskaraz jakitea nahitaezkoa ez duten lanpostu guztietan, euskara meritu gisa puntuatzea aurreikusten zen orain arte. Hori desagertu da eta, beraz, aldaketa handien bezperan gaude.

—Euskara bultzatzeko ezarritako neurri batzuk desagertu dira: D eredua bultzatzea, haur eskolan euskarazko lerroaren onurak zabaltzea, euskararen sustapenerako herriko entitateekin hitzarmenak egitea, diru sarrerarik ez duten herritarrei euskara ikasteko doakotasuna bermatzea, udalarekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura, beste erakundeetan hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenak, udal ludotekan gaztelaniako lerrokoak euskarara hurbiltzeko ekimen dibertigarriak egitea, herritar euskaldunen fitxategia...

Plantilla Organikoan aldaketaren ondorioak ez dira samurrak izanen. Nahiko ona da Plantilla Organikoa (lanpostu guztiak hiru kategoriatan banatuak ditu: euskaraz jakiteko derrigortasuna dutenak, euskara %10 meritu moduan dutenak eta euskara %5 meritu moduan dutenak). Murrizketa handia izanen du. Lanpostu pilo batean euskara meritu moduan desagertuko da. Horretan ari dira buru-belarri, hauteskundeak gainean izanik denbora izanen duten argi ez badago ere. Eremu mistoan plantilla on horrek ekartzen zuen erreferentzialtasuna desagertuko da, beraz.

Laster hauteskundeak izanen dira. Ikusiko dugu herritarrek aldaketa horiek saritzen dituzten edo zigortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.