Denborarik ez izatetik denbora baino ez izatera pasa gara, egitetik egotera, eta denbora izate hutsak hutsa balio digu orain.
Beldurra hartu diogu jendarteari, beldurra bakardadeari, eta etxean egonean egoteak ezinegona baino ez digu sortzen.
Sare asozialek orain ere ez dituzte harremanak saretzen, eta lagun asko bai, baina benetako adiskideak, aldizkide ere ez ditugu aspaldian.
Zineak betetzen dizkigu orduak, literaturak, eta irakurtzen ez zuen jendearentzat ere ibookprofenoa da medizina.
Batzuk gehiegi jatearen izu diren artean, beste batzuei izugarri kostatzen zaie hozkailua betetzea, eta inoiz baino garestiago dago pobre izatea.
Gorputz hezkuntzan, plastikan eta erlijioan ikasitakoek lagundu bai, baina ez gaituzte salbatzen, eta maitematikak jarraitzen du problemei soluzioa ematen.
Telebistan eta Interneten gezurra dabil ugari, ikusten denak ez du zerikusirik denarekin, eta datuen aurkako antidatua bilatzen jarduten dugu une oro.
Beharrezkoa bakarrik erosteak sistema kapitalistaren erorketa ekarri du, eta komuneko papera erosketa komunena denetik komunistago ote garen galdetzen diot neure buruari.
Dalíren erlojuak ez dira urtzen, denbora pasatzen da baina denbora baino ez da pasatzen, eta asperientzia gero eta gogorragoa ari da izaten.
ZUZENDARIARI
'Covid or not covid'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu