ZUZENDARIARI

Danagol-ek funtzionatzen dik

Xabier Eizagirre.
Donostia.
2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irudika dezagun iragarki hau telebistan; lagun gizaseme bi aurrez aurre elkarrizketan, eta batak besteari hauxe esaten diola: «Â¿¡Cómo, que tienes el colesterol a más de doscientos!? ¡Tienes que hacer algo! Tome usted Danagol, porque Danagol funciona». Nire galdera da, zenbat iraungo luke iragarki horrek telebistan? Egun bat baino gehiago ez, noski. Nola nahastuko dira, bada, erdaraz eta usted! Kia! Esatea ere!

Euskaldunok, berriz, ez behin bakarrik, egunak eta hilabeteak daramatzagu aspertzeko adina entzuten beste jardun trakets hau: «Zer diok, kolesterola berrehundik gora duala!? Zerbait egin beharra daukak! […] Har ezak Danagol. Danagol-ek funtzionatzen du». To! Hika eta zuka nahasian. Hori, izateaz, nahaste-borrastika genuke, ez hika.

Jardun horren protagonista zein izango eta, Iñaki Perurena entzutetsua. Eta, okerrena, ikusi izan dugula Perurena aita Xabier Euzkitzerekin Bisitaria saioan txukun asko hika hitz egiten. Alegia, bera ere majo konturatuko zela hikatik zukara egin zuela salto elkarrizketan. Baina, lan handia eta garestia, nonbait Danagol-en arduradunentzat berriro ondo grabatzea. Euskara izanda, ordea, aurrera nahaste-borrastikarekin! Zuhaitz eroriari, orok egur.

Sartu digute gola, oraingoan ere, hanka erdi-erditik sartu ere: dana GOL. Jokoz kanpo sartu, gainera. Geroztik, euskaldunok kondenatuak gaude, egunero-egunero, behin eta berriz sasi-gol hori ikus-entzutera.

Danagol-ek funtzionatuko dik. Ez, ordea, euskaraz eta euskaldunontzat, adiskidia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.