Zuzendariari

Denda txikiak salba ditzagun!

Aida Cuesta.
Santurtzi.
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur egun auzoko denda txikien etorkizuna arriskuan dago. Alde batetik, hiri inguruan dauden merkataritza guneengatik, eta, beste aldetik, Interneten bidez egiten ditugun erosketengatik.

Nire ustez, Internet bidez erostearen abantaila handiena denbora da. Edozein ordutan egin dezakegu nahi dugun edo beharrezkoa dugun erosketa hori. Horrez gain, etxetik edo bulegotik mugitu barik lor dezakegu gustukoa dugun edozein gauza. Gainera, erosi nahi dugun produktua edo zerbitzua bila dezakegu denda ezberdinetan prezioak alderatuz. Esate baterako, bidaiak Interneten erostea oso praktikoa izaten da.

Beste alde batetik, Interneten bidez erosketak egitearen eraginez, nahiz eta denbora aurreztu eta erosoagoa izan, auzoetan erosketak egitearen ohiturak galtzen ari dira pixkanaka -pixkanaka.

Dakigunez, hiri inguruan dauden merkataritza zentroek ere kalte handia egiten diete denda txikiei. Zentro handi horien ordutegia zabalagoa da, gaueko hamarrak arte eta eguerditan zabaltzen dutelako.

Konpetentziari aurre egiteko, auzoko denda txikiek elkarteak sortu dituzte kanpaina desberdinak eta bereziak ere egiteko asmoz. Adibidez, nire auzoan, Gabonak heldu aurretik, erosketen tiketen bidez zozketak egiten dituzte, eta 500 euroko saria irabazteko aukera daukagu.

Egia esan, denda txikietan tratu pertsonalagoa eta bereziagoa eskaintzen digute. Eta, askotan, produktuen kalitatea hobea izaten dela pentsatzen dut. Gainera, dendariek ahalegin handiagoa egin behar izaten dute bezeroak pozteko.

Jakina, auzoan erosten badugu, bizitza emango diogu gure herriari eta «salmentan» dioten kartel horiek saihestuko ditugu, azkenean, guztion artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.