Liburutegia Denontzat (Deba)

Diskriminazioa gaindituta, denontzat izango da liburutegia

Nahia Eguskizaga Bilbao eta Alazne Ostolaza Beristain
2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bai, lortu dugu! 2023ko azaroan sortu zen Liburutegia Denontzat taldea. Helburua: Debako liburutegian urte luzez haurrekiko eta zaintzaileekiko izaten zen diskriminazioa etetea. Ia bi urteko borrokaren ondoren, hemendik eta handik ate joka ibili ondoren, herritarren babesa bildu (500 sinadura, 130 gutun Eusko Jaurlaritzako Liburutegi zerbitzura) eta udal gobernuari bideratu eta gero, hainbat kale liburutegi eta hamaika ekintza egin eta gero, lortu dugu, azkenean, udalak gure eskaerak aintzat hartzea eta liburutegiak urte luzeetan izan duen arautegi diskriminatzailea aldatzea. Ekainaren 16tik aurrera, atzotik hain zuzen, Debako liburutegiak ateak eta ordutegiak denoi zabalduko dizkigu eta arautegi berriaren arabera funtzionatzen hasiko da. Haur, gazte, heldu zein nagusi, denok edukiko ditugu eskubide eta betebehar berak.

Oinarrizko eskaerak ziren Liburutegia Denontzat taldearenak eta arautegi berriak hauek jasoko ditu: haur liburutegian ez da adin tarteen araberako ordutegirik egongo eta liburutegi orokorrak duen ordutegi bera izango du; 0-2 urteko umeak haur liburutegian egon ahalko dira —lehenago ez bezala— eta erabiltzaile txartela egin ahal izango dute. Aldaketa hauekin batera espero dugu liburutegiaren aro berri honetan zaintza erdigunean jartzea eta malgutasunez jokatzea.

Bidea ez da erraza izan, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan nola edo hala (babesa ematen, gure ekimenetan parte hartzen, zuen testigantzak gurekin partekatzen, animoak ematen) hor egon zareten guztioi. Eskerrik asko, eta zorionak zuei ere, denoi, diskriminazioa gaindituz eta denona den ondasun honen funtzionamendua hobetuz denok irabazten dugulako, bizikidetza sustatuz herriak irabazten duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.