ZUZENDARIARI

Donostiako martxa, Donostiatik martxa?

Aitor Ionescu.
Donostiar gaztea.
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sebastian bat bada zeruan. Hala abesten eta jotzen dugu, behintzat, milaka donostiarrek egunotan. Hiria bizi, lan, paseatu, maitatu eta pairatzen dugunok ziur dakiguna, hala ere, zera da: Donostia bat bakarra dagoela munduan. Eta bakarra izanagatik, ez dagoela salbu.

Zeruan ez dakigu, baina, parte zaharraren erdian, Santa Maria eliza gainean, badago Sebastian zenaren irudi bat. Ehunka urte han pasata, zorrotz begiratuko gintuzke donostiarrak, ahal balu. Orain, aurre-aurrean ikusiko luke enpresari turistiko eta jabe aseezinek hotel bilakatu nahi duten eraikina. Bertako balkoi batean, han bizi diren okupek ezarri duten pankarta, HOTEL + EZ dioena, eta inguruko hainbat etxetan gauza bera eta auzoa berreskuratu dioten banderola urdinak, baita ostegun arratsaldero eliza parean egiten dituzten bilkurak ere, egunero kopuru handiagoetan bisitatzen eta argazkiz josten duten turistak ikusten dituen bezala.

Pentsa genezake, harrizkoa eta donostiarra izanik, Sebastian onek begirune berezia liokeela hiriko ondare eraikiari ere. Gorputzean iltzaturik dituen geziek bezainbeste min egingo liokeela San Bartolome gainean hotela eraikitzen ari direnek komentua legez kanpo txikitu izanak, baina baita San Bartolomen bertan beste komentu batean sortu den negozio handiak ere, Miracruz 19 eta etxe historiko ugari eraitsi izanak, edota aurreko udal gobernuak salduta barnetik hutsik duten Lasalako eraikinak... Begirada pixka bat mugituko balu, alboan duen Santa Teresa komentuan ikus lezake horren berri, Galdutako hiria erakusketan.

Baina, Sebastian alde batera utzita, Donostia bat bakarra munduan. Akaso beti interesa piztu duen Donostia bat, gaur egun kontaezina den diru publikoa xahutzen duena interes turistikoen mesedetan. Eta, Retortillo sailburuaren hitzetan, are gehiago inbertituko dugu. Munduko Turismo Erakundea gurera etortzekoa baita. Ze Esatek taldeak dioen bezala... «Ongi etorri, Mr. Marshall!».

Irutxuloko gaztelupean, zahar eta gazteak omen. Ai, jakingo bagenu zenbat zaharrek ihes egin duten edozein asteartetan goizeko ordu txikietan pairatu beharreko zarataz! Eta zenbat joxemaritar eta koxkero gaztek utzi behar izan duten euren auzoa, ehunka kontatzen diren etxebizitza turistiko legal, alegal eta ilegalen ondorioz? Kalerik kale, soldata baxuaz, umore tristez Donostiatik kanpora doaz, Joxemari!

Hala baita, Donostiako Martxa joaz hazi edo bizi izan garen hamaika gazte langile kanporatuak izaten ari baikara. Batzuk, turismoa baino lantzen ez duen merkatuan lanik ez eta «abentura bila» atzerrira joan behar dugulako. Beste batzuk, jada inoizko handiena den alokairuen salneurri igoeragatik. Beste asko, etxejabeei lobby eta higiezin enpresa handiek egindako presio eraginkorrek jabegoa kontzentratu dutelako. Gutxi balitz, donostiarren ihesaldi honek eragin kaskarra du inguruko herrietan, bertan ere alokairuen igoera eta ihesak sortuz.

Gazte langileak edozein enplegu onartzera bultzatzen gaituzte, horrela.

Eta gerora, penak zokora ezinak dira. Zokora botata bizi dira, ordea, hamarnaka etxegabe, postaleko hiri honetan. Hiru hilean behin, hiru egun eman ditzakete teilatupean. Bete ezinak izan daitezkeen baldintzak bete ezean, gehiago ez. 2016ko urtarrilaren 20an, Donostia ofiziala kulturaz mozorrotzen zen bitartean, Bulebarreko kutxazain batean, zokoratu eta ikusi nahi ez dugun miseriak Yoli izeneko 50 urteko andrea hotzez erail zuen, 14. 000 etxe huts dituen hirian.

Beti pozez eta alai ezin, baina bagara, gu ere bai. Gure hiria eta hiritarrak maite ditugunez, festara! Dantzara! Poz handiz oihu egiteko arrazoiak ere baditugulako.Zorionez, hiri hau egunero lantzen dugulako langileok, udalaren pasibotasunaren aurrean negozio kaltegarriak salatzen dituzten auzotarrek, eta hamaika ekimenetan bestelako Donostia eraikitzen duelako jende askok. Donostia berdeago bat, elkartasunean oinarritua eta argazki bat egiteko ordez hemen bizitzeko etorri diren hiritar helduberriei ongietorria emango diena. Horra zer (izango) den gure Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.