Nola diren gauzak... lehengo asteazkenean Durangoko Azokako standa muntatzera nindoala, Euskadi Irratia entzuten joan nintzen. Han, Baionan irekitzera doazen Ikea berriari buruz eta dendari txikiei egingo dion kalteetaz hitz egiten zen. Ohikoa den bezala, denda txikietan erosteko gonbita egiten zen. Kuriosoa da gai batzuetan pluralitate eta etikaren alde nolako joera dagoen...
Kuriosoa, bai, ze Durango Azokan egon naiz egunero, goiz eta arratsalde, eta han alderantzizko joera izan da nagusi. Badira musikari eta idazle ezagun batzuk publizitate gehigarririk behar ez dutenak. Hala eta guztiz ere, behin eta berriz ezagunenak diren bost lanen iragarkiak egiten ziren.
Durangoko Azokaren helburua ez al da ba gauza berrien berri ematea, dauden lanek irtenbidea izan dezaten; euskal kulturari bultzakada bat ematea?
Hori horrela izango bazen, azoka telebistako irudiak modu ekitatibo batean antolatuko ziren, baita han egindako elkarrizketak ere, sinadura saio guztiak iragarriko ziren eta ez ezagunenak bakarrik... «Kulturaren plaza»-n dauden lanen aipamena egin beharko zen, egilea ezaguna izan edo ez, proiektu handia edo txikia izan; hori izango zen kulturaren plaza.
Zeren, ezagunari promozioa eginda, zer lortzen da? Azokari bonboa ematea? Zeren, ezagunak berdin salduko du, eta txikiaren berri askok ez du izango.
Kuriosoa da komunikabideen ohiko galdera zein den: «Zure ustez, zein izango da gehien saldu den diskoa?».
Zuzendariari
Durangoko Azoka 'Ikea'-ren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu