ZUZENDARIARI

Eibar, ipuin harrigarrien trukerako txanpon

Mariasun Gartzia.
Eibar
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ezagutzen dut gizon bat kale kantoian jarrita ipuin harrigarriak kontatzen dituena txanpon baten truke. Ipuin harrigarria gertatu da gure herrian, Eibarren, eta trukerako txanpona herria bera izan da. Ez da lehen aldia. 2007-2011 agintaldian (PSEk gehiengo osoa zuenean), EAJk bere burua saldu zuen liberazio eta presidentetza batzuen truke. Orain, PSE gutxiengoan dagoenean, proiektuak aurrera eramateko gehiengoa behar duenean, abertzaleen arteko batasunak gehiengo osoa ematen duenean, EH Bilduk sakrifikatu egin gaitu.

Merezi du patxadazko gogoeta. Jendea presaka dabil, ordea, aspaldiko garaietan, urrutiko lurraldeetan gertatutako istorioak entzuteko. Tristea da, baina luze darama gure herriak truke-txanpon izaten. PSEk bereak eta bi egingo ditu geratzen zaizkion alkatetza apurrak mantentzeko: Eibar, Irun eta Zumarraga. Sasi guztien gainetik, hodei guztien azpitik. Sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik. Edozerk balio dio bere gotorlekuei eusteko. Gainerako alderdiek ez lukete gure etorkizuna PSEren interesen menpe utzi beharko.

Politika pertsonek egiten dute. Hitza bete egin behar dugu, guzti-guztiok. Aurreko ostiralera arte, udal gehiengoa (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos) Barakaldo kaleko etxeak trenbide gainetik estaltzearen kontra zegoen. Bizilagunei ohartarazi nahi diet: hasi aurrekontuak eskatzen leihoetan kristal hirukoitza jartzeko, bistan baita proiektu hori irentsi beharko duzuela. Mingarria zait hau esatea, baina EH Bildu poliki-poliki sinesgarritasuna galtzen joan da. Azken erabaki honekin, geratzen zitzaion apurra pikutara joan da. EH Bilduri eskatuko nioke, behintzat, eibartarrekiko errespetuz eta gutxieneko duintasun bat mantenduz, ez dadila saiatu itun honen ontasunak saltzen. Nire esperantza bakarra militanteengan dago: espero dut exekutibaren erabaki honen aurka egin eta barne eztabaida piztuko dutela. Badakit askok eta askok ez zeukatela itun honen berri, eta ez zaiela batere gustatu.

Urte luzez Eibarko ekialdearen (beheko aldea) utzikeria ekarri du Iñaki Arriolaren PSEk. Bera dago honen atzean. Bera dago Txontaren atzean. Bera zegoen Errebalen atzean. Zaldibarren atzean. Bere herentzia dira Barrena, Matsaria... eta orain azeria jartzen digute oiloen predikari. Txano Gorritxoren dibortzioa, otsoaren suizidioa... ipuin harrigarriak txanpon baten truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.