ZUZENDARIARI 

Einstein, FBI eta euskal errefuxiatuak?

Eneko Axpe.
Ikertzaile post-doktorala Cambridgeko unibertsitatean.
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ziur nago kapitalismoaren gaitzak ezabatzeko bide bakarra ekonomia sozialista bat ezartzea dela, eta, horrekin batera, helburu sozialak dituen hezkuntza sistema bat». Hitz horiek ez dira Fidel Castrorenak, ezta Arnaldo Otegirenak ere. Albert Einsteinenak dira, 1941. urtean idatzi zuen Zergatik sozialismoa? artikulukoak. Historiako zientzialaririk ospetsuena, antirrazista, antifaxista eta bakezalea zen. Bonba atomikoaren gurasoetariko bat zela irakatsi zidaten Fisikako karreran. AEBrentzat arrisku bat zelakoan, FBIk eta US Armyk bonba atomikoaren proiektutik baztertu zuten. John Edgar Hooveren —FBI-ren sortzailea— obsesioa zen Einstein. Fisikaria hil zen arte espiatu zuen. FBIk 1.800 orritako informe bat idatzi zuen. Orain, 23 urteko lan zehatz hau desklafisikatuta dago, eta hemen dator euskaldunontzat bonba informatiboa (ez atomikoa).

1932. urtean, Einsteinek Alemaniatik AEBetara jo zuen, faxismoaren hazkundea zela eta. Handik, zenbait elkarte antifaxistekin kolaboratu zuen. Harrigarria bada ere, Ume Euskaldun Errefuxiatuen Zaindarien Batzorde Amerikarraren kontseilaria eta liderretariko bat izan zen. Eta plan bat zuen: 1937. urteko ekainean, Euskal Herriko 500 ume errefuxiatu Bilbotik Donibane Lohizunera barkuz eramatea, gero trenez Parisera eta, azkenik, Normandiako Le Havreko portutik, President Harding itsasontzian, New York hirira. Sagar Handiko 2.700 familiak beren etxea eskaini zuten ume euskaldun errefuxiatuak hartzeko. 500 ume barik, 2.000 ume eramatea erabaki zuten. Eliza Katolikoak (Bostoneko kardinalak, zehazki) ez zuen Einsteinen plana gustuko izan, euskaldunak Frankoren aurkako borrokalari komunista eta anti-katolikoak zirela argudiatuz. AEBetako Estatu Departamentuak ume guztien bisa eskaerak ukatu zituen.

Nire amama biak ume euskaldun errefuxiatuak izan ziren: bata La Rochellen eta bestea Amiensen jaso zituzten. Welcome, refugees. Ziur nago bizirik egongo balira nitaz harro egongo liratekeela. Fisikaria eta antifaxista, Einstein bezala. «Gizarte kapitalistaren gaur egungo anarkia ekonomikoa benetako gaitzen iturria da. Kapital pribatua gutxi batzuen eskuetan pilatzen da [...]. Prozesu honen emaitza, kapital pribatuaren oligarkia da, eta haren boterea ezin da era eraginkor batean kontrolatu, nahiz eta gizartea demokratikoki antolatuta egon. [...] Ondorioz, herriaren ordezkariek ez dituzte behar bezala babesten herritar ez-pribilegiatuen interesak ». Albert Einsteinen hitzak ziren 1941. urtean. Nire hitzak dira 75 urte geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.