ZUZENDARIARI

Ekologia politikoaz

Eneko Sierra Ortiz de Urbina
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hauteskunde eguna, 2024ko udaberria. Etxeko ohitura diren siglen papera hartu eta gutun-azalean sartu dut. Igandea izan arren, eguneroko lantokira abiatu naiz, irakasle jarduten naizen institutura. Ikasle mordoa topatu beharrean, jende-multzo bitxia besterik ez dut topatu, gure seme-alaben eskolekin eta institutu publikoarekin inolako erlaziorik ez duen jendea. Tartean, ikasleren baten gurasoren bat eskaileretan behera, baina gehiengoa ez, kalean gurutzatzeko moduko jendea, baina testuinguru horretan lekuz kanpo dagoena. Euskararen inguruko kanpainaz beteriko kartelen eta gure ikasleek egindako mural, mapa edo irudi koloretsuen artean, mundu guztia arrotza da ene instian.

Ikasgelan sartu naiz, giro bitxia, egunerokoarekin zer ikusirik ez. Jende serioa, grisa. Euskara gutxi entzuten da gaurkoan, eta denak oso antzekoak dira, astegunetako kolore eta jatorri aniztasuna faltan sumatzen dut. Bakoitzak soinean bere alderdiaren ikurra darama, hori da kolorea duen gauza bakarra. Ilaran jarri naiz, eta momentu horretantxe bihozkada izan dut. Zertan nabil? Zeintzuk dira hor dauden horiek? Zer ikusirik dute horiek guztiek nire egunerokotasunarekin eta ikas-eremuarekin? Batzuek, eskuan daramaten larrosa arrosario batekin ordezkatu badute; Legezarra defendatzen dutenek, Hezkuntza Lege berrian patrikarako interesa besterik ikusten ez badute; zirkuluetan zebiltzanak, oraindik ere biribilaren irteera eta iparra topatu ez badute; gorrietan gorrienek, kolore bereko moketaren bidearen hautua egin badute... zertan nabil ba?

Orduantxe, urrats bat atzera egin eta eskuan neukan sobrea edukiontzi urdinera jaurti dut. Gaur egingo dudan aukeraketa onena izango den susmoa daukat. Pentsakor, etxerako bidea hartu dut, instian sentitutakoa irentsi ezinik.

Eguerdi aldera haurrekin kalera atera eta eskolako guraso batzuekin geratu gara. Goizekoa amesgaiztoa izan ote da? Auzoko eskaparate batetik pasatu eta une horretan ohartu naiz gaur gertatutako guztiaz. Eskaparateko ispiluan ikusten dudan tipo ezagun horrek goizean jarri duen Euskal Eskola Publikoaz Harro kamiseta arrosa darama soinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.