ZUZENDARIARI

Emakume Master Cup: bi gezur eta egia handi bat

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Lehen gezurra: Master jarri arren emakumeak dira txapelketa honetan aritzen direnak; master hitza gizonezkoei dagokie eta gizonezkoek soilik jokatzen edota jarduten zuten garaia gogorarazten digu. Egun master hitzaren esanahia zabaldu bada ere, ez dut ulertzen zergatik erabiltzen den emakumeekin, beste hitzik ez balego bezala; euskaraz ondo legoke Nagusia.

Bigarren gezurra: Master Cup jarri arren, parte hartzaileak ez dira ez ingelesak, ez yankiak, ez anglosaxoiak ere. Ez nago ziur, baina ia denak Euskal Herrikoak dira, eta gehienak euskaldunak. Ikusleak ere ez dira Ingalaterratik, Estatu Batuetatik edota munduko beste leku batetik txapelketa hau ikustera etorriko. Ikusle gehienak bertakoak izango dira, eta asko eta asko euskaldunak. Areago, hemen irabazleei txapela jartzen zaie, beraz, askoz egokiagoa litzateke Txapelketa erabiltzea.

Egia handi bat: ekimen baten izenean, errotulu batean, titulu batean edo denda bateko leihoan zerbait ingelesez ikusten dugunean, eta euskaraz ez dugunean ikusten, argi dago euskarari espazioa kentzen diotela (euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzeaz gain). Ez naiz espazio fisikoaz soilik ari, espazio psikologikoaz ere bai. Kasu honetan ingelesa erabiltzen bada, ekimen bati ospe edo izen handiagoa ematearren, aldi berean euskarak ez duela osperik edo izenik merezi, ez duela ezertarako balio esaten ari dira.

Laster, Euskaraldia iritsiko da, eta orduan, egun gutxitan milaka lagunek ahobizi eta belarriprest izateko konpromisoa hartuko dute. Ez legoke gaizki gure erakundeek eta elkarteek mota guztietako ekimenak euskaraz izendatzeko konpromisoa hartuko balute, ez egun horietan soilik ikusi eta entzuteko, betirako euskalduntzeko eta mundu osoan zabaltzeko, herrialde aske guztiek bere hizkuntzaz jokatzen duten bezala. Ea datorren urtean Emakume Txapelketa Nagusia ikusteko aukera dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.