ZUZENDARIARI

Eneko Goiari erantzunez

2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Txillardegiz egindako zure adierazpenak direla eta, eta ezagutzen ez zaitudan arren, nire haserrea agertuko dizut.Min handia eman dit Txillardegiz duzun iritziak.

Bai jauna, guztiok dakigu Txillardegi ETAren sortzaileetakoa izan zela eta horisekula ez zuen ezkutatu. Eta ETAren historia pixka bat jakingo bazenu, jakin beharko zenuke sortzaile hauen helburua ez zela inor akabatzea izan, gizarte itogarri hura eraldatzea baizik, ikusi besterik ez baitago zein izan zen Txillardegiren ibilbidea ETAn.

Ez dut ulertzen zer adierazi nahi duzun zentzurik gabeko argudio merke horrekin. Akaso gaurko EAJk badu antzekotasunik sorrerakoarekin, ala? Zure alderdikideek ez al zuten inoiz armarik erabili? Bada, begiratu besterik ez duzu hemerotekan, eta ikusiko duzu Egibarrek inoiz egindako deklarazioarekin argitaratutako artikulua BERRIAn: «Guk ere erabili izan ditugu armak». Eta ikusi oraindik orain Aranzadiko Javier Buces Cabellok idatzitako liburuak zer dioen (Eusko Gudarostea, Azpeitia 1936, 87.or.): «El deber del gudari consiste en; en marchar cuando se le dice marcha; en pegar cuando se le dice pega; en matar cuando se le dice mata; sin preocuparse de saber donde va, a quien pega, a quien mata». Hori guztia irakurri ondoren, gogoratu al zaizu EAJren sortzaile izan ziren Arana Goiritarrak deitoratzea? Ez horixe! Haiek Fundazioa, kalea Bilbon eta behar diren omenaldi guztiak jaso dituzte.

Beraz, bai gudariek, polimiliek, PSOEkoek, PCkoek, frankistek... guztiek erabili izan dituzte armak, etageroztik gobernuan agintzen eta demokrazia lezioak ematen ari izan zaizkigunak guztiok ezagutu eta ezagutzen ditugu. Eta, hala ere, batzuek kaleak, eraikinak eta abar dituzte euren izen-deiturekin.

Adibide bat jarriko dizut. Koldo Mitxelena hizkuntzalaria gudaria izan zen gerra garaian; armak erabiliko zituen noski, eta Donostiako liburutegiak bere izena darama; zenbait herritako kaleek ere bere izena daramate euskara eta hizkuntzarenalde egindako lanaren errekonozimendu gisa, normala den bezala, jakina. Eta zure agintepeko kaleek frankista horien izena jartzeko zer egin zuten Euskal Herriaren alde?

Nik Txillardegi oso gertutik ezagutzeko eta bere ikasle izateko zortea ere izan nuen zorionez, eta oso-oso pertsona gutxi izango dira bere herria hainbeste maite izan eta bere alde hainbeste lan egin duten intelektualak, hots, bere jakinduria mailakoak, ikusi besterik ez baitago zer nolako idatzizko ondarea utzi duen. (Ikus www.jakin.eus)

Ekimen askoren sortzaile, baina garrantzitsuenetakoa euskara batuaren sorrera izango genuke, berari esker baitugu daukagun euskararenbatasuna. Txillardegik ikusi zuelako hizkuntzaren batasuna ezinbestekoa zela euskara biziko bazen, arauak planteatuz eta geroxeago Euskaltzaindiak Arantzazun berretsiko zituenak (Ibon Sarasolak argi eta garbi esan zuen bezala omenaldi egunean); beraz, euskararen batasunaren «aita» Txillardegi da, nahiz eta K. Mitxelenak bultzatu zuen Arantzazuko bilkuran, Txillardegi atzerrian zegoelako garai hartan. Honetxegatik bakarragatik merezi du guztion esker ona.

Beraz, Euskal Herriak asko zor dio Txillardegiri eta zer hobeto, berandu bada ere, bere herrian errekonozimendua jasotzea baino. Ze pena eman didazun zure jarrerarekin Txillardegiren lan erraldoiaz agertu duzun ezjakintasunaz! Donostiako alkate zarenez, harro egon behar zenuke horrelako hizkuntzalaria herrikide izateaz. Baztertu koldarkeria eta bete euskal herritarron eskaria.

Zain gauzkazu. Adeitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.