Zuzendariari

Errauste plantarik ez

2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaborren kudeaketa ona garrantzitsua bezain konplexua da. Gaur egun gero eta gehiago kontsumitzen da, eta, ondorioz, sorrarazten den zabor kopurua ere gero eta handiagoa da. Izugarria.

Nik uste dut funtsezko gauza batzuk, behintzat, gero eta garbiago daudela. Alde batetik, mundu osoan saiatu beharko genuke gero eta zabor gutxiago sorrarazten. Nola? Ba, esate baterako, bilgarriak (plastikoak, paperak, kartoiak, zurak eta bat eta beste) sinplifikatuz; erosketak egiterakoan, etxetik poltsak eramanez; ahal den guztia berrerabiliz; birziklatu ahal diren zabor eta material guztiak birziklatuz. Horretarako, ikertu eta garatu beharko dira aukera guztiak: bereizketa, atez ateko bilketa, bosgarren edukiontzia, konpost egitea, e.a. Hiri eta herri bakoitzak ikusi beharko du, kasu bakoitzean, zer komeni den.

Azkenik, adituen arabera, ba omen dago zaborren ehuneko jakin bat, ez handiena, birziklatu ezin dena. Antza denez, horiek erre besterik ezin omen da egin. Baina, kontuan hartuta, erraustu ondoren, kearen bitartez zabaldu eta hedatu egiten direla pertsonentzat oso kutsagarriak diren produktu eta gasak, nik pentsatzen dut erraustegiak, jartzekotan, pertsonengandik ahalik eta urrutien jarri beharko liratekeela, eta enpresek publikoak izan beharko lukete, baita kudeaketa ere, inork izan ez dezan tentaziorik negoziatzeko pertsonen osasunaren bizkarretik.

Laburbilduz, errausteko plantak, ahalik eta gutxien, urruti, eta publikoak, baita haien kudeaketa ere.

Xanti Begiristain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.