Zuzendariari

Esker gutuna

Kontxi Agirre, Pello Epelde eta Aiora Epelde.
Donostia.
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gutunaren bidez azken urte gogor honetan gure ondoan egon zareten guztioi, babestu gaituzuen guztioi, Eperi maitasuna eta estimazioa azaldu diozuen guztioi… gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu.

Urtea latza izan da. Eperi minbizia diagnostikatu ziotenetik aurrera, borroka konstantea izan da. Bizi nahi izatearen kontzientziak bultzaturik, azken unera arte borrokatu baitu.

Gaixotasunaren aurrean egoki kokatzea zaila izaten da, gaixotasunaren etapak bizitzea gogorra da, eta gaixotasunak hiltzera eramango gaituela lasaitasunez barneratzea ariketa konplikatua da… Guretzat beharrezkoa izan da bidea egoki egitea. Eta bidea egokitea ezinezkoa litzateke Donostia Ospitaleko Etxeko Ospitalizazioa unitate paliatiboko ekipoaren laguntzarik eta babesik gabe. Mila esker, Epe etxera eramatea posible egiteagatik, eta bere azken egunak bere txokoan, bere gauzen ondoan eta bereetaz inguratuta bizitzea posible egin ahal izateagatik. Ezinezkoa da lerro labur batzuen bidez Epek zenbat gozatu zuen adieraztea, baina izugarria izan zen.

Mila esker, Eperen egoeraren aurrean erakutsi duzuen humanotasunagatik. Gu zaintzeko eta babesteko egin duzuen ahaleginagatik. Ez dugu sekula ahaztuko, ondo-ondoan sentitu baitzaituztegu. Mila esker, Eperen heriotza duintzeagatik.

Mila esker, heriotza jaiotza bera bezain naturala dela pentsamenduari ateak zabaldu, eta maite ditugun pertsonen agurra modu maitekiro batean garatzen laguntzeagatik. Mila esker, bihotz-bihotzetik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.