Zuzendariari

Esker mila Bukowski

2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Egiatarra naiz, Bukowski taberna ondoan dago nire etxea, eta urte luzez zorionekoa sentitu naiz mota guztietako kultur eskaintzak antolatzen zituen halako aretoa etxetik gertu edukitzeagatik. Taberna horrek martxan daramatzan 20 urte pasatxotan antzerki emanaldiak, film laburrak, liburu aurkezpenak, performance-ak, poesia emanaldiak, bertso saioak eta mota guztietako kontzertuak ikusi izan ditut bertan, doan edo sos gutxi batzuen truke, azken hori, oso gauza zaila da gurea bezalako hiri batean. Ezbairik gabe, kalitate handiko kultur ekimenak gauzatu dira Bukowskin, tartean ohiko kultur ibilbideetan lekurik ez duten ekimen underground-alternatiboak. Horri esker, Le Bukowski erreferentea bilakatu da hiriko kultur bizitzan eta baita kanpora ere. Nolanahi ere, Udalak, zenbait bizilagunen salaketak direla eta, kontzertuak egitea debekatu du. Ondoan bizi naiz, Egia kalean bertan, eta ez dut inolako kritikarik areto horren kontra. Alderantziz, nire uste apalean, Bukowskik ekarpen handia egin dio Egiari, izan ere, horri esker, gure auzoa ezaguna da hainbat eta hainbat tokitan, kultur arloari dagokionean behinik behin. Ez dezagun ahaztu herrialde ezberdineko musikari eta artistak aritu direla bertan, hala nola, Japon, AEBak, Frantzia, Herbereak eta Errusia. Lerro hauen bitartez, nire eskerrik beroena eman nahi diet Egiako Le Bukowski tabernakoei, urte hauetan guztietan gure kultur irrikak asebetetzeagatik. Halako areto eta ekimenak babestu, indartu eta lagundu egin beharko litzateke, eta ez alderantziz. Galde diezaietela bestela auzotarrei. Mila esker, Bukowski.

Ainhoa Irazu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.