ZUZENDARIARI

Espainiako Vuelta Bilbon; Tour Alternatiba Donostian

Nagore Vega Telletxea, Mikel Alvarez Forcada, Julen Begiristain Baztan eta Unai Oñederra Egaña
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. Hiru asteko hiru itzuli handi eta ospetsu. Klima aldaketak, ordea, beste itzuli erraldoi bat sortu du, Tour Alternatiba, eta aurten bigarren edizioa dabil martxan.

Espainiako Vuelta Bilbon izan da. Abuztuaren 25ean hasi zen Malagan eta irailaren 16an amaituko da Madrilen. 21 etapa. 3.254 km. Izugarria!

Tour Alternatiba ekainaren 9an abiatu zen Paristik, eta urriaren 6an iritsiko da Baionara. Lau hilabete, 200 etapa, 5.800 km hiru eta lau plazetako tandemetan, bost herrialde zeharkatuz, klima aldaketaren kontra, Alda dezagun sistema, ez klima! lelopean.

Alternatiba Tour hau klima aldaketaren aurkako mobilizaziorik handiena da COP21-a egin zenetik. Parisko gailur hark klima aldaketaren arazoa ez zuenez konpondu, herri mugimenduak martxan jarri dira benetako soluzioak eskainiz eta interes ekonomikoen menpe dauden soluzio faltsuak salatuz. Diru nahiak eta pertsonen beharrak ez datoz bat. Klima aldaketa gelditzeko pintura berdea baino zerbait gehiago behar da.

Alternatiba Tourra, etapaz etapa, herriz herri, alternatibak eraikitzen eta soluzio faltsuak borrokatzen dabiltzan mugimenduak elkartzen ditu, handitzen doan tsunami bat sortuz. Olatu hau urriaren 5ean iritsiko da Donostiara, eta merezi duen harrera egingo diogu hemengo soluzio faltsuak salatuz eta benetako alternatibak erakutsiz.

Donostiak duen klima 2050 ekintza planean ekonomia zirkularra soluzioaren erdigunean kokatzen da. Ekonomia zirkularrak ez du ontzat hartzen baliabide berriztaezinak erretzea. Erraustegia, beraz, ekonomia zirkularraren kontra doa, eta klima aldaketa bizkortzen du.

Han eta hemen, interes ekonomikoei erantzuten dieten alferreko obra erraldoien eraikuntzak ere klima berotzen du, eta Donostian, badugu gure adibidea: metroa.

Klima aldaketaren kontra hitz egin, baina interes ekonomikoen menpe ekin. Horra Alternatiba Tourrak apurtu nahi duen logika. Urriaren 5ean hartu bizikleta eta zatoz Tour Alternatibari harrera beroa egitera. Alda dezagun sistema, ez klima!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.