Sorpresa eta, aldi berean, poz handia sentitu dut eguerdian ETB2n Teleberri-n ikusi eta entzun dudanean Aimar Olaizolak eta Joseba Ezkurdiak Anoetako pilota aukeraketa ondoren egindako adierazpenak euskal telebistako 2. katean euskaraz ematea. Eta gauza bera gertatu da Ekaitz Saralegiri egindako elkarrizketarekin, hori ere bere ama hizkuntzan aritu delako.
Gaur bertan, BERRIA egunkarian irakurri dut Asier Larrinaga ETBko euskara zerbitzuko buruak dioena eta azpimarratuta azaltzen dena; EITBren irizpidea da elkarrizketatu bakoitzak aukeratzen duen hizkuntza errespetatzea. Benetan esaldi borobila eta erakargarria. Baina egoera horretatik pasatu direnak ongi dakite, dakigu, hitz ponpoxotik haratago joanda, hori egiaren erdia baino ez dela, erabakitzeko dagoen aukera hori ia beti baldintzatua egon delako. Horregatik, EITB barruan euskara hizkuntza normalizatu baten aldeko autua egiten jarraitzen dutenei nire esker ona adierazi nahi diet, hitz potolo eta ponpoxoen gainetik, eguneroko jarrerak eta praktika erakutsiko digulako zein den bidea euskaldunok gure herrian arrotzak ez sentitzeko. Eta horretan, EITBk, bere izenak dioen modura, asko du esateko eta erakusteko. Ea bidea hasi baino ez den egin.
ZUZENDARIARI
ETB2an euskaraz? Zorionak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu