ZUZENDARIARI

Eukaliptoaren hedapena mugatzeko xedapenaz

Edu Zabala Garagarza
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Baso Biziak plataformaren balorazioa da hau Bizkaiako Foru Aldundiak eukaliptoaren hedapena mugatzeko xedapenaz. Eukaliptoaren hedapena mugatzeko edozein urrats ongi etorria da, nahiz eta Bizkaian, bereziki, aspaldi ezarria egon behar zuen, ikusita bertan duen azalera. Zergatik itxaron behar da 2022ko lehen hiru hilabetean onartu arte? Dagoeneko indarrean egon behar zuen. Zer dela eta diogu hau? Tramitazioaren tarte horretan landaketa berriak egiteko aukera zabaltzen delako, eta, Galizian gertatu zen bezala, legea ezartzerako eukalipto azalera handitu daitekeelako lasai ederrean.

Bestetik, ez gara fio Aldundiak dioen parte-hartze prozesuaz, zeren aktore nagusiak, hots, monolaborantza zaharkitua bultzatzen duten enpresek zein hainbat lur jabe latifundistek ez dute txintik atera komunikabideetan lege egitasmo honen aurka; beraz, horrek esan nahi du ez doala beraien interes ekonomikoen kontra, eta hori, gutxienez, susmagarria da.

Pinuaren xingola marroiaren gaixotasunaren ostean, lurrak inoiz baino merkeago daude, eta aipatu lurjabe eta enpresa horiek, bai EAEkoak eta bai kanpokoak, gero eta lursail gehiago erosten ari dira bere egurraren negozioak ziurtatzeko. Haiek pozik badaude xedapen honekin, gu ez.

Sektore horretatik, sarritan, antiespezistatzat jotzen gaituzte, baina esan behar dugu berdin zaigula zein espezie landatzen den, gu monolaborantzaren kontra baikaude, uste baitugu larrialdi klimatikoaren garai honetan bestelako basoak, kolore guztietako basoak, erresilienteak, behar ditugula denon bizibidea eta osasuna ziurtatzeko, eta ez monopolio industrial batzuen irabaziak bakarrik.

Luzapen, moratoria eskaera hau, Green washing edota itxurakeria berdearen garaian dator, non erakundeek, Europako diru-funtsak lortze aldera, horrelako itxurapainketak egiten dituzten galeriari eta boto emaileei begira. Azken bi urteetan Baso Bizien dinamikan gabiltzan taldeon aldarrikapenak eta presioak bere eragina izaten ari dira erakundeengan, gero eta zailago egiten zaielako monolaborantzaren diskurtso zaharkituari eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.