Zuzendariari

Euroaginduen aurka

Irati Tobar, Xabi Irigoyen, Iker Elizalde.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Azkenaldian Euskal Herriko bazterrak irauli dituzte hainbat gertakizunek. Aurore Martinen aurkako euroagindua onartu zuenetik estatu frantsesak, sustengu anitz lortu izan dira hura Espaniaratu ez dezaten. Hautetsi, eragile sozial eta herritar andanak ezetz erran dio euroaginduari. Hautetsiek Aurore beren etxeetan aterpetzeko engaiamendua hartu zuten. Ondotik, tortura saihesteko, Segiko 8 militante Izpuran agertu ziren. Bertan, hainbat hautetsik Segiko militante horiek beren etxeetan hartzeko deliberoa hartu zuten. Orduan ikusi dugu estatu frantsesaren erantzuna : atxiloketa bortitzak, hautetsiei mehatxu eta mespretxua erakutsi, eta Segiko 7 gazteen presondegiratzea eta euroaginduaren prozedurak abian ezartzea. Euroagindu horiek onartzearekin, estatu frantsesak tortura onartzen du. Baina zer leporatzen diete Segiko militanteei? Euskal Herri independente eta sozialista baten alde egunerokoan lan egitea. Egon gintezke ados edo ez haien ideiekin, baina ez dugu onartzen ahal ideia politiko soilak defendatzeagatik edozein herritarra jazarria, atxilotua, torturatua eta presondegiratua izatea. Egoera larri hau ikusirik, guk gose greban jartzea erabaki dugu. Sentsibilitate ezberdinetako arduradun politiko eta hautetsi anitzek gure galdeekin bat egin dute. Horren ondorioz, dei egin genuen martxoaren 19ko Hendaiako Herriko Etxe aitzinean elkarretaratze batean parte hartzeko. Iruditzen zaigu momentu garrantzitsu batean garela eta denen ekarpenaren esker Euskal Herria ezagutua izatea lortuko dugula. Elkar ikusiko dugulakoan, animo eta segi aitzina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.