ZUZENDARIARI

Euskal Eskola Publikoaz

Errenteria
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Jada ahaztuta banengoen ere, ohartu naiz matrikulazio kanpaina hemen dugula. Aurten ere, sare kontzertatuaren publikotasun aldarriaren mozorropean, ikastolen aurkako urteroko leloa. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen EAEko hezkuntza sistema berriz planteatzeko garaia artikulua lekuko. Berriro ere publiko-pribatu terminoak hitzetik hortzera eta aho betez, irakurlerian zalantzak sortzeko asmoz.

Aspaldikoa bada ere, nago argigarria dela Felix Basurko irakasleak Isilik pedagogia aldizkarian (16. zk.1992), 'Escuela Publika Vasca' Lege honekin erresistentzira berriz artikuluan zioena: Beraz, gauza bat zen «publikoa» edo Administrazioarena izatea, eta beste gauza bat «publikotasuna» edo populuari zegokiona izatea, alegia. Horregatik, garai hartako euskal Administrazioak «eskola nazionalak edo nazio-estatalak» euskalduntze eta berrikuntza ikuspegitik «publikotasun» kontzeptu horrekin bat ez zetozenez, «transferituak» deitu zituen egiazko «publikotasuna» lortu arte.

Urteak joan eta urteak etorri, zoritxarrez, gaur oraindik publiko kontzeptuaren esanahia estatuari eta administrazioari dagokio, eta Euskal Herria burujabetzarik gabeko nazioa, botererik gabea eta beste estatu batzuen (Espainia-Frantzia) menperatutako lurraldea denez, indarrean dauden eskola sistemak aipatu estatuen legediaren menpe daude.

Hauxe dugu Euskal Herriaren egoera: hezkuntza sistema autonomikoak izan arren, bere lurraldeetako eskoletan ezarri den curriculuma estatu espainiarraren egokitzapena besterik ez da izan. Ahantzi gabe irakasleen funtzionario legea, eta abar, eta abar.

Beraz, gaur-gaurkoz eskola publikoek lor dezakete aipatu publikotasuna? Norberak erantzun beza.

Bukatzeko, tamalgarria eta penagarria deritzot alde bakarreko topagune horri,sinatzaileez at, beste sareetako hezkuntza eragileekin elkarlanik ez dudalako ikusten, eta bai, ordea, zatiketa eta gorrotoa; eta hortik nekez atera daiteke deus egokirik. Zuen hitzak erabiliz, nola kohesiona liteke gizartea elkarlanik gabe? Nola eralda liteke administrazioa indar batzerik gabe?

Euskal Herriak burujabetza lortzen duenerako hezkuntza sistemak egokitu, eguneratu beharra du, horretarako erresistentzia estrategia berriak prestatuz publikotasuna eta euskalduntzea lortzeko. Euskal Eskola Publiko Berriak ez duelako administraziotik etorri behar, hezkuntzako partaide eta estamentu desberdinen partaidetza eta lanaren bitartez baizik.

Koldo Mitxelena maisu handiaren hitzekin bukatu nahi nuke: Ikastola guztiak eskolak dira, baina eskola guztiak ez dira ikastolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.