ZUZENDARIARI

Euskaldunon hizkuntz eskubideak hankapean

2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Antza denez, PSOEko Maria Txibite berraukeratua izanen da gaur, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdien botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Larunbatean euskararen inguruko programa gaitzesteko bildu ginen. Gobernu akordioak euskararen ofizialtasunari atea ixten dio, eta horrek hizkuntz eskubideen ukoan eta euskaldunen diskriminazioan sakontzen du. Hau da, orain arte bezala, administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatuko da. Departamentuen plan linguistikoak aipatzen dira, baina gutxi espero daiteke plan horietatik «herritar erdaldunen diskriminazioa saihestea» baldin bada irizpidea.

Bestalde, aurreko lau urteek zer eman duten badakigu: Euskararen II. Plan Estrategikoa ez zen garatu (anbizio falta zuen arren), hezkuntza kontseilariak D ereduaren garapena oztopatu zuen, PAIren aldeko politika itsua bultzatu da, Hizkuntza Eskoletako euskara taldeetan murrizketak egin dira, gobernuaren haur eskoletan euskarazko eskaintza ez da handitu, Lezkairuko ikastetxe berrian D eredua ezarriko den ez da batere segurua, helduen irakaskuntzan euskara ikasteko oztopoak izan dira, Mañeruko Udalari eremu mistoan sartzea ukatu zitzaion... Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan oposizioa izan da nagusi (beraz, euskara baloratu gabe), Osasunbidean oposizio-lehiaketa egiten da eta hor euskararen balorazioa eremu mistoan desagertu da, baina frantsesa, ingelesa eta alemana Nafarroa osoan baloratzen dira, Plantilla Organikoko postu elebidunak (Hezkuntza kenduta) %2 inguru dira... Alderdi abertzale batzuk erabakigarriak dira Txibiteren inbestiduran, baina Geroa Bai zerbait saiatu den arren, batez ere bestelakoak izan dira bere kezkak, eta EH Bilduren euskararen aldeko presioa ez da inondik inora sumatu. Gobernu honek euskaldunokiko jarrera aldatzen ez badu, euskaltzale asko aurrez aurre izanen gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.