Hernani

Euskalnafar greba orokor feminista

Beñi Agirre
2023ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Azaroaren 30a euskaldunon oroimen kolektiboan, Herri Oroimenean hobeto, itsatsita geratu beharko litzateke egun gogoangarri moduan. Gaur Euskal Herria deitzen diogun hegoaldeko lau Foru-Administrazio esparruetan, «probintzia» asmakizun franko-espainiarrari uko egin beharko genioke, lehenengo greba orokor feminista euskalnafarra aurrera atera zen. Euskalnafar herriaren hegoaldean gauzatu zelako, ez Frantzian, ez Espainian.

Itsatsita geratu beharko litzateke zaintzaren leloa ardatz hartuta, emakumeek bereziki, baina, gizonezkoen esku hartze gero eta handiagorekin, genero ororen berdintasunaren aldarriak gizarte bateratzaile izan daitekeela erakutsi zuelako. Gazteak, ez hain gazte eta zahar samarrak, langileak eta pentsiodunak, emigranteak eta aurreko migranteen seme-alaba bertan jaiotakoak eta oro har, gaur, euskalnafar gizartea osatzen duen eragile biziak kalera ateratzeko indarra erakutsi zuelako.

Aurreko batean Hernanin, Burujabetzak jardunaldian, zaintza atalean zera aipatu zen: «Zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko eragileen arteko saretzea, koordinazioa eta harremana ezinbestekoa da, gaur egungo udal egiturak nekez iristen baitira guk ditugun beharretara». Negozioa eta zerga bidezko diru publikoaren xahutzea ere aipatu izan da, adibideak ez dira falta nonbait. Euskal erroko kulturak badu oraindik ere bizirik egitura juridiko propioa: Zuzenbide Piriniarra. Bertan jasotzen dira kooperatibismoa, auzolana, herri lurren kudeaketa arauak edota irabazi asmorik gabeko antolakuntza komunitarioa. Beraz, bada non ikasi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.