Zuzendariari
Euskara ez da bakezalea
Ez eta gaztelania, alemana, arabiera... ere. Gaztelania, alemana, arabiera... ez dira terroristak, ez eta euskara ere. Hizkuntzek ez dute inolako erantzukizunik beren hiztunek egiten dituzten astakerien gainean. Izan ere, Espainiako diktaduraren ardura, juduen garbiketa, Dorre Bikien hondamena gaztelaniari, alemanari edo arabierari leporatzea inori ez baitzaio bururatu. Erabilera desegokia edo maltzurra izanez gero, ez diezaiogun ardurarik eskatu tresnari, tresna horren erabiltzaileari baizik. Horren harira, bi adibide datozkit burura, biok gaztelaniaren erabilera gaiztoarekin lotuta: alde batetik, RAE Real Academia Españolak onartutako abertzale hitzaren definizioa (Dicho de un movimiento político y social vasco, y de sus seguidores: Nacionalista radical) eta, bestetik, Espasa Calpe-ren hiztegietan ematen duten talde hitzarena (Grupo terrorista de apoyo. Grupo reducido de apoyo a un comando terrorista). Lexikografiaren ikuspuntutik, biak astakeria galantak dira, irizpide linguistikoak baino gehiago politikoak erabili dituztelako, dokumentazio bide onei muzin eginez, bi sarrera hauek definizitzeko, ez Orotariko ez eta Diccionario Retana de Autoridades hiztegietan ez baita violencia edota terrorista hitzen arrastorik agertzen. Hau bai dela hizkuntzaren erabilera makurra! Baina makurkeria ez dagokio hizkuntzari, erredakzio-taldeari baizik. Ondorioz, ezar diezaietela hiztegigile hauei dagokien legea «talde» bat osatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu