ZUZENDARIARI

Euskara, maite zaitugulako behar zaitugu

Elduain.
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Gaur egungo begiradatik miresmen goxo batez gogora dezaket nire amona-aitonen euskara. Baserritar petoak izanik, gutxi hitz egiten bazuten ere, gai ziren naturarekin loturiko edozer taupada hitzez izendatu eta deskribatzeko; obserbatzaile sakonak beraien mintzaira aberatsa, hitz eta esamolde ugarikoa, agerian geratzen zen, eta guk, oparotasun hori jasotzeko aukera izan genuen, zorionez. Eskolatuak ez baziren ere, hizkuntza eta ohituren transmisioan izar distiratsuak izan ziren, gure arbaso gehienen antzera.

Kontzientzia dut, geroxeago, haien euskara hiztegitik nirera hitzen erabilera eta ezagutza erdira jaitsi dela. Eskolan, erderaz hitz egitera derrigortuak ginen, zeinek erderazko hitz gehiago erabili norgehiagokan ibiltzen ginen. Etxean, haurrak izanik, edozer erderaz esaten bazen, txalotuak izaten ginen; zer esanik ez telebista ikustean horko hizkuntza imitatzen bagenuen. Kalean euskara zerbait lotsarazten ziguna zen. Baserritarrok gaizki usaindu, gaizki hitz egin, bigarren mailako gizakiak ginen. Frankismo garaia zen.

Geroxeago, heldutasun pixka bat izatera iritsi ginenean eta geure burua jantziago sumatzean hasi ziren galderak: zer dela-eta nireaz konplexua sentitu? Zer dela-eta nire arbasoengandik jaso dudan komunikaziorako tresna baliotsuena baztertu? Zer dela-eta nire barnea egituratzen lagundu duen eta nire nortasunaren eraikuntzan zutabe garrantzitsua den tresneria alboratu? Zergatik euskaraz idazteari, hitz egiteari uko egin? Baina, bat-batean, entzuten hasi ginen euskara altxor preziatu bat zela; ez dakigula noiztik nondik sortua den ere, eta, gainera, hain zaila denez ikasteko, munduan, pertsona gutxi batzuk hitz egin genezakeela, eta abar. Kanpotik etorritako jende dezente hasi zen ikasten, eta egunerokotasunean erabiltzen. Pertsona horiengatik jabetu nintzen ni, nire altxorraz eta ohartu nintzen zenbat baliabide eman zizkidan eta landu nintzakeen euskaraz. Erraztasuna sumatzen nuen beste hizkuntzak ikastean, memoria lantzean, barne bizipenak astintzean... Euskararen oparotasunak jantzi nau, barru-barrutik. Harrotasunez esan dezaket, eta saiatzen naiz gauza bera senti eta jaso dezaten besteak.

Gaur egun, gure hizkuntza kuttuna, bixia eta bizia, sabelekoa izan edo ikasia, eraso ugari jaso baditu ere, gutxietsia izan bada ere, batzuetan, hilzoritik hurbil sentitu arren, sendatze eta indartze bidean dagoela esan genezake. Gure arbasoei esker, beste herrialde batzuetatik etorri eta bertakoari balioa emanaz, buru-belarri ikasi eta erabiltzen duzuenoi esker mila, eta gutako bakoitzari etxean, eskolan, kalean eguneroko ttanttak jarriaz iturri oparo bihur dadin hain gurea den euskara bideratzeagatik. Ze, maite dugulako, Euskaraldia bezalako ekitaldi indartzaileak sortuko ditugu. Ni, behintzat, horretan saiatzen nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.