ZUZENDARIARI

Euskara ofiziala Euskal Herri osoan

Joana Halsouet eta Eider Lopez.
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Minorizaturiko hizkuntzako hiztun bakoitzak egunero bere baitan pairatzen duenari estres linguistiko izendapena ematen zaio. Gure hizkuntzaren egoera halakoa izanik, hori da, hain zuzen, euskaldunon kasua. Edozein bulego, denda, ostatutan... komunikatzeko, zein hizkuntza hautatu pentsatu beharrean da hiztun minorizatua. Berezko hizkuntza atxiki ala zuzenean nagusituriko hizkuntzara jo? Eutsiz gero, gatazka aukerak biderkaturik, eta uko eginez gero, berriz, erruduntasun sentipena, hautua une oro horrelatsu planteatzen zaigu. Egoera horretan, besterentzea, alienatzea, da estres hori ekiditeko moduetako bat; nagusi den hizkuntza norbere egin, eta kito. Ez gatazkarik, ez istoriorik, erdara ahoan ibili munduan...

Norbanako gisa gertatzen den egoera hori, alta, ikuspegi kolektibotik baizik ulertu ezin den egoera da. Eta kolektiboki, gure kasuan herri euskaldun gisa, hizkuntza (eta, harekin, herri nortasuna) atxiki edo besterentzearen hautu bera planteatzen zaigu. Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoan euskarak ez du neholako ezagutza ofizialik. Frantziar estatuak mendeetan eramandako politika etnozidak Euskal Herriko eremu hauek frantsestu eta euskaldun anitz alienatu ditu. Bortizki eta krudelki eginiko erasoa izan da historikoki, eta euskaldunen deportazioak edota eskoletako zigorrak horren erakusle gordin dira; sotilki eta maltzurki garatua izan dena eta izaten segitzen duena.

Euskararen herria oraino bizi bada, euskaldunok hizkuntza ardatz duen gure nortasunari atxiki gatzaizkiolako eta asimilazio saio horren aitzinean zanpatuak izatearen kontzientzia hartu eta oldartu garelako izan da. Kontzientzia hartze horretan oinarritua da Euskal Herria berreuskalduntzeko borroka. Eta, beraz, une oro herri euskaldun gisa bizi dugun egoeraren kontziente izatea berebizikoa da.

Azken hilabete hauetan oihartzuna izan du LABek pairaturiko beto anti-euskaldunak; irakurri ahal izan ditugu, halaber, heldu den urteetan gure herrira etortzea aurreikusten den milaka erdaldunen aferari buruzko euskaltzaleen arrangurak. Baina, oro har, hizkuntza zanpaketak aski oihartzun txikia du oraindik. Areago, azken aldiotan euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena eztabaida politikoaren muinean txertatu beharrean, bazter utzia izateko joera batzuk ageri dira.Eta, ez gaitezen engaina, 2017an lehen urratsak eginen dituen HELEP berriaren baitan garatuko diren hizkuntza politikek frantziar araudiaren mendekoak izango dira aurrerantzean ere. Aitortzarik eza eta bazterkeria gehiago.

Euskaldunoi dagokigu, norbanako gisa bezainbat herri gisa ere aktibatuz, zanpaketa egoera ez dugula onartzen ozen agertzea. XXI. mendean, 2016.urtean, euskara ez da ofiziala bere herrian bertan, euskaldun agertzea betatua da gure herrian bertan. Gatazkak eta estresa ekiditeko «demokrazian» bizi garela sinets daiteke, baina egoera zinez halakoa da, eta konponbidea ez da ez ikusiarena egitea, egoera errotik aldatzea baizik.

Horregatik, ofizialtasunaren aldeko elkarretaratze batera deitzen zaituztegu: Abenduaren 3an, 12:00etan, Baionako Herriko Etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.