Zenbatetan zeure buruari galde egin diozu «eta honi nola hitz egingo diot»?, edo lotsa sentitu?, edo deserosotasuna?, edo beldurra?, edo barkamena eskatu? Hau guztia, non eta Euskal Herrian, ez atzerrian. Hau ez da ez sanoa ezta normala ere. Nik aspaldi eman nuen pauso hori, euskaldun moduan armairutik ateratzea (konplexuak gainditu eta naturaltasunez, euskaraz ez dakienarekin edo egin nahi ez duenarekin erdaraz jarraituz). Ariketa oso gomendagarria. Sorpresa polit pila jasoko dituzu, eta batez ere askatasuna zure hizkuntzetako batean berreskuratu edo lortu. Hasieran ezerosoa gerta badakizuke ere, gutxienez 11 egunez probatzera animatzen zaituztet. Aurrera euskaldun bezala ere armairutik ateratzearekin!
Nire kasuan, armairutik ateratzeko atzerrian bizi izanak lagundu zidala aitortzen dizuet: bertan alabarekin naturaltasunez (askatasunean) euskaraz hitz egiten nuen, kalean ere bai (etxean hiru hizkuntza genituen; eta gaztelania ez zen horietako bat). Berarekin Euskal Herriratuta, laster ikusi nuen ez nengoela atzerrian bizi izandako askatasun hori galtzeko prest. Non eta etxean? No way.
Horrela, euskaldun moduan armairutik guztiz atera nintzen. Atzerrian bizi izandako eleaniztasun naturala ere bidelagun ona izan da; Belgika edo India lako herrialdeetan adibidez, ez da bitxia egunean zehar pertsona batek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea. Profita dezagun Euskaraldiak eskaintzen diguna. Ez dadila inor armairu barruan bizi, euskaldunak ere ez!