Joseba Sarrionandiaren arabera, euskararen paradoxarik larriena da euskara euskaldun guztien patrimonioa dela, baina aldi berean gutxi batzuen hizkuntza.
Euskara egoera kritikoan egon denean (Txillardegik hil zorian ikusi zuen) badirudi batzuek nahiago izan dutela erosotasunaren hautua, hizkuntza alde batera lagata kezka berezi handirik gabe. Eskerrak beste askok bestelako jarrera mantendu dutela. Haiei esker gaur daukagu daukaguna: «altxor bat dugu, ez harpe ilun batean gordetzeko, baizik eta gogoan, belarrian, ezpainetan eraman daitekeena» (berriro Sarrionandia).
Horrek harro sentitzera eraman gaitzake baina aldi berean onartzera garai batean ezbaian jarri zela euskaldunek euskarekiko zuten atxikimendua, ikustean zer-nolako desoreka zegoen ezagutzaren eta erabileraren artean. Alabaina, azken datuen arabera, egoera konplexu batean, badirudi, funtsean, euskaldunen leialtasuna frogatuta dagoela. Aipatutakoak, ordea, ez du esan nahi arriskutik kanpo gaudenik. Bi idazle esanguratsuk (Joseba Sarrionandiak eta Joseba Zulaikak) diagnostiko bera egin dute: «ondo gabiltza baina aldi berean dena egiteko dago».
Lan horretan denok daukagu zer ikusirik, metodorik eraginkorrena izanik, zentzu guztietan euskararen alde egotea. Horretarako norberak aukeratu beharko ditu lehentasunak eta guztien ekarpenaren araberakoa izango da emaitza.