Izenburuaren galdera-marka ez da akatsa; izan ere, euskaldunok beti kontuz ibiltzen gara.
Euskaraz bizitzeko ditugun oztopoak salatu nahi ditut. Baina ez erakundeek jartzen dituztenak, ezta umeen erabileraren kontua ere. Guk zangotrabak ipintzen dizkiogu geure buruari.
Esaterako, %100 ziur nago inoiz edo behin honelako esaldiak entzun dituzuela: «Kaixo guztioi, eskerrik asko etortzeagatik. La charla de hoy...», edo «Arratsalde on, milesker. Bueno, voy a hablar en castellano porque hay quien no sabe euskera...».
Azken hori entzutean pentsatu nuen: «Eta ulertzen dugunok?». Egia da errespetuagatik batzuetan hizkuntza alda dezakegula, baina euskaldun giroko hitzaldi batean geure hizkuntza entzutea espero nuen, eta ez karteletan bakarrik ikustea. Alabaina, ekitaldietan —eta ondorioz gure egunerokotasunean— euskara entzuteko hizkuntzara bideratutako jardueretara joan behar dugu. Hau da, euskara estutzen dugu.
Beraz, kanpoko edo erdaldun jendea egon arren, errespetuz, baina erakuts dezagun geure hizkuntza. Irrika sor dezagun geure hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko!