Azken egunetan prentsan argitaratutako iritzi artikulu baten harira, Ezkaba ikastetxearen ikuspuntua eman nahi genuke.
Artikulu honek zihoen moduan, Ezkaba D ereduko ikastetxea da. Euskararen irakaskuntza-ikaskuntzarako prozesuan murgiltze ereduak duen garrantziarekin ados gaude gu ere.
Testuaren zati batean honako hau agertzen zen: «Hala eta guztiz ere, murgiltze eredua ez da bete-betekoa, eskolazain batek euskaraz ez dakielako, eta, beraz, harekiko harremanak gaztelaniaz direlako. Horrek murgiltze eredua baldintzatzen du». Honen harira, eskola guztian, baita atezaintzan ere, euskaraz artatuak izateko eta arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua dugula adierazi nahi genuke, eskolazain bat baino gehiago baititugu. Horrez gain, euskaraz ez dakien atezain hau belarriprest bikaina da, urte luzez euskal inguruan ibilia eta orokorrean ikasleen mezuak ulertzeko gai dena. Gauzak horrela, Ezkaba ikastetxean kalitatezko murgiltze eredu bat eskaintzen dugula berretsi nahi genuke.
Beraz, euskal eskola publikoan hobetzeko asko badugu ere, Nafarroa euskalduntzeko lanean gogor jarraituko dugu, guztientzako kalitatezko hezkuntza bat eskainiz. Eta espero dugu euskaldun guztiok gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatua izan arte elkarrekin lanean jarraitzea.
Bidez batez, goraipatu nahiko genuke atezain honek urte luzeetan erakutsi duen profesionaltasuna eta maila pertsonalean eman digun guztia. Lan munduan gelditzen zaizkion azken hilabeteak xamurrak izan daitezela.
Bien bitartean, argi izan D ereduan esku zabalik hartuko zaituztegula!
ZUZENDARIARI
Ezkaba, D eredu osoko eskola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu