Mendixkak eta haize-errotak, olibondoak eta mahastiak, harrizko etxeak, elizak eta pilotalekuak. Eta eguzkia ateratzen denean, itzalean babesa bilatzen dugu, eta gustura egoten gara, hitz eta pitz, Nafarroako gainontzeko herrietan bezalaxe. Gure herrian penak eta zorigaitzak pairatzen ditugu, eta modu berean, zoriona eta alaitasuna joan-etorrian ibiltzen dira, etxe guztietan bezalaxe. Plazetan haurrak jolasten dira, eta haiek dira herriaren arima osatzen dutenak, haien irriak, jolasak, txantxak, jauziak eta oihuak, munduko gainontzeko beste haurrak bezalaxe.
Gure herriko eskolan arbelak eta klarionak daude, mahaiak eta aulkiak, liburuak, arkatzak eta margoak, Nafarroako gainontzeko beste eskoletan bezala. Pasealekuak eta gelak, irakasleak, ikasleak eta gurasoak, nahiak eta ametsak, beldurrak eta konplexuak, beste eskoletan bezalaxe. Eta gela horietan, noizean behin, euskara sartzen da, haize hegoa sartzen den bezalaxe, bere goxotasunarekin gorputzeko atal guztiak berotzen.
Euskahaldunak gara euskaldunik ez omen dagoen eremu batean. Nafarroako Gobernuak, 1986an, Faltzesen, Villatuertan, Kasedan edota Larragan, euskararentzako lekurik aproposa ez dela erabaki zuen. Baina gu, eta errepikatuko dugu, euskahaldunak gara, eta euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea eta ahalmena dugu, Nafarroako gainontzeko herrietan dute bezalaxe. Euskaraz erosi nahi dugu, jolastu, josi, maitatu, matematikak ikasi, marraztu, musika entzun, pelikulak ikusi. Euskaraz bizi nahi dugu, eta gure haurrek euskaraz ikastea nahi dugu, nahi dugu bai, nahi dugu!
Eta badakigu, deitutako «eremu ez-euskaldun» honetan, euskahaldun gehiago gaudela, herriz herri sakabanatuak, «Vascuencearen Legeak» sortutako basamortuan barreiaturik. Nahikoa da, aski da, Nafarroako euskahaldunak anahitasunean elkar gaitezen! Helburu horrekin apirilaren 19an, gure herrira etortzeko gonbidapena egin nahi dizuegu, eta nola ez!, 25ean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegia betetzeko deia ere egin nahi dugu. Babesa eta konfiantza zabaldu dezagun, zonifikazioaren, harresien eta beldurren gainetik, aitzurra Martzillan botatzen duten bezalaxe, eta bigantxek El Pilon jaisten duten bezalaxe, haizea lagun, alaitasunez eta pauso bizkorrez.
Haizea sartzen da gure herrietan ere, haize goxoa batzuetan, hotza besteetan. Baina beti lagun. Euskara ere haizea bezala sartzen da gure bizitzetan, gure eskoletan. Eta behin sartzen denean, lagun onen antzera, betiko gelditzen da.
ZUZENDARIARI
Faltzes eta Anahitasuna: euskahaldunak eremu ez-euskaldunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu