Zuzendariari

Galdutako erromesak

Jose Manuel Etxabarri.
Gasteiz.
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Krisi garaian gaudenez, aurten Donejakue bidea egitea erabaki nuen. Asmoa Burgosetik Leonera joatea zen, 210 km aste batean gehiegi ez zelakoan. Oker nengoen. Oinak babaz beteta, 4 egun pasata amore eman behar izan nuen. Etxean sofan etzanda, Donejakue bideaz hasi nintzen pentsatzen.

Bai berezi dela! Pertsonaia xelebreak daude, edozein lekutako jendea: erlijiosoak, kirolariak, mistikoak... Egiteko aitzakiarik ez da falta: argaltzeko, promes edo apustu bat betetzeko, gaixo larri bat gainditzeko... Atentzioa gehien eman zidana arloteak ziren. Arloteak Donejakue bidea egiten, aterpez aterpe, norabide zehatzik gabe, galdutako erromesak.

Mansilla de las Mulaseko herriko plazan «Antonino peregrino» dago. Han dago beti lurrera begira, arropa zuloz josita, eta oinak ikatza baino beltzago. Antza denez, bere emaztea hil zenean ibiltzeari ekin zion, bere oroimenetik ihes egiteko. Batzuek diote mozkorti bat dela.

Done Jakue bideak eta Oka jokoak zerikusia handia ei dute: lauki bakoitza etapa bat da, eta, Santiagora helduz gero, txapelduna zara. Bidean, ustekabe ugari daude: zubiak, okak eta, Antoninoren kasuan, putzua. Putzuan eroriz gero, beste bat erori arte itxaron behar. Agian, hori gertatu zaio gure galdutako erromesari, bere txanda noiz itzuliko zain dago eta.

Antonino bezala, asko daude bidean eta munduan; beti lurrera begiratzen bizitzari ez begiratzeko, beti mugitzen arazoak atzean uzteko, horma batetik bestera, aurrera egin ezinik, bakoitza gure enparantzan, bakoitza gure putzuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.