Ostegunean egin nituen hausnarketak gogorarazi dizkidate Xamarren esanek. Arratsaldeko zazpi eta erdiak dira, eta Durangoko igerilekuko jacuzzian nago. Ohi bezala, Imanolekin (zazpi urteko seme txikia) etorri naiz. Berak ikastaroa egin bitartean, nik uger apur bat egiten dut, eta azken minutuetan, jacuzzian, berari begira. Une polita, zinez! Aurrean lau igeritoki dauzkat, eta lauretan ematen ari dira ikastaroak: batean, hiru urtez azpikoentzat; aldamenekoan, lau eta zortzi bat urte bitartekoentzat; eta gainerakoetan, klubetakoentzat —igeriketa klub bi daude eta triatloiko beste bat—. Bada, guzti-guztietan monitoreek euskaraz dihardute, eta ni, beno...ni nirvanan nago... Bat-batean, nire haurtzaroko giroa gogoratzen dut orduko Durango hartan, duela 50 urte: zein umek entzuten zuen euskara orduan etxetik kanpo? Hortaz, ni, jacuzzian, eta pozez txoratzen...
Baina handik gutxira, aldageletara sartzen naiz, eta nire lilura mila pusketatan birrintzen da. Izan ere, umez lepo dagoen aldagelan erdara da nagusi.
Horrenbestez, bat nator Xamarrekin zeharo: motibazioa eta erabilera lantzea ezinbestekoa da, eskolan ez ezik, baita etxean eta gizartean ere.
Bukatzeko, zilegi bekit Xamarren beraren hitz hauek gogoraraztea, luze ez dela, Benitori berari entzun nizkionak: «Euskara atxikirik ere, kultur transmisioa eten egin zen. Behar dugu hori berpiztu, ezagutzeko nondik gatozen eta zer garen; alegia, kultur mugimendu indartsu bat behar dugu, Ez Dok Hamairuren gisakoa».
Zuzendariari
Gazteak, euskararen lubakian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu