Hondarribia

Geltokiak

2024ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Igogailuetan gertatzen denaren antzera, autobus geltokietan ere galdera berdinak entzutera ohituta gaude: «Pasa al da Irunera doan autobusa?». Bai ala ez. Normalean erantzunak ez dira bi hitz horiek baino gehiago luzatzen. Jendeak isilik geratzea nahiago izaten du, hitz egiteak enbarazu egingo balio bezala. Ni neu ere ez naiz besteekin solastatzera ausartzen den horietakoa, hasiera batean behintzat.

Autobus geltokiak leku bereziak izan daitezkeela uste dut. Pertsonalitate, kultura, adin eta gustu ezberdinak dituzten pertsonek egiten dute topo bertan. Milaka bizitza joan-etorrian. Begiradak partekatzen dituzte, nora doazen, zertara doazen edo itzultzen ari diren ezkutatuz.

Ustekabean autobusa itxaroten ari zaren bitartean, norbait zirraragarria ezagutzea gerta dakizuke, galdera arrunt horiek igarota hitz egitera ausartzen bazara.

Duela bi hilabete 40 urte inguru zituen emakume batekin egin nuen topo Errenteriako geltoki batean. Nik 24 urte nituen, eta lanorduak amaitu berri, etxera itzultzeko autobusaren zain nengoen. Gure arteko elkarrizketa galdera sinple batekin hasi zen: «Pasa al da Irunera doan autobusa?». Ezetz erantzun nion, eta autobusak ordu errealean non dauden ikusteko mugikorreko aplikazioa erakutsi nion. Horren harira teknologiaz hitz egiten hasi ginen, aplikazio sinpleenak ere erotu egiten zutela baitzioen emakumeak. Haren belaunaldiaren eta nire belaunaldiaren arteko diferentziaz hitz egin genuen gero. Teknologiak ulertzeko erraztasuna dugula argudiatu zidan. Ni, ordea, 90eko hamarkadan jaiotakoa naiz: «Ez naiz besapean mugikor batekin jaio den horietakoa, eta eskerrak», erantzun nion. Une horretan batak bestearekin enpatizatzea lortu genuen. Baina niretzat interesgarriena ondoren etorri zen.

Irlandan lau urtez bizi ondoren, duela astebete eskas itzuli zen Euskal Herrira. Itzulera gogorra egiten ari zitzaion. 18 urte zituenetik kanpoan bizi izan da. Madrilen ikasi zuen, eta, ikasketak amaitzean, Parisera joan zen beka batekin, 21 urte zituela. Abenturazalea zen. Orduan, nire Erasmusaz hitz egin nion, nik ere antzeko zerbait bizi izan bainuen. Lau hilabete soilik igaro nituen etxetik kanpo, baina itzuleran Erasmus programa osteko depresioa pairatu nuen. Une hartan emakumearen bizi esperientziek eta istorioek zeharo liluratu ninduten. Betidanik atzerrian biziko nintzela esan izan baitut. Emakumeak ere nolabaiteko babesa sentitu zuela esango nuke, itzuleraren gogortasunaren eta hemengo guztia bat-batean ulertu nahi eta ezinaren desesperazio hartan, ulertua sentitu baitzen. Emakumeak itzultzeko nahirik ez zuela aitortu zidan, baina familiarengatik itzuli zela. Lan berri batean hasi berri zen, eta oraindik egokitzeko astirik izan gabe, zaila egiten ari zitzaiola esan zidan.

Segur aski ez gara inoiz gehiago gurutzatuko. Ez dut inoiz jakingo betiko geratuko den Euskal Herrian ala beste abentura batean murgilduko ote den. Baina egun hartan nire ametsa jarraitzeko adorea transmititzen saiatu zen. Eta ni, pozik itzuli nintzen etxera, bihotza emozioz beterik, aukera berriekin amestuz.

Zein ederra den bi arima geltoki batean minutu gutxiz bada ere elkartzea. Hori da niretzako geltokien magia; joan-etorrian dauden arimen biltokia.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.