Ekainaren 5ean, Goierriko herritarrok «nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?» galdera erantzuteko aukera izan genuen. Goierri osatzen duten 23 herrietan partaidetza desberdina izan da: batzuetan, %50etik gorako partaidetza; beste batzuetan, aldiz, %20-30 ingurukoa. Lortutako partaidetza emaitzak txalotzekoak eta zoriontzekoak iruditzen zaizkigu eta antolakuntzan ibili garen taldekoek balorazio positiboa egiten dugu. Ibilbide baten hasiera dela ikusten eta ulertzen dugunez, bidean aurrera egiteko indarra, lana eta borondatea jarriko dugu.
Alderdikeria politikoetatik at dagoen ekimen bat garela badakigu, herritarrez osatua, herritar anitz eta pluralez, sentsibilitate, pentsamendu eta izaera desberdinak ditugunak, eta denok dugu hemen gure tokia, denen iritzia eta ahotsa entzuten baita. Hastera goazen bide honetan, bidelagun izan nahi ditugu herritar guzti-guztiak, hala nola ekintzaile sozial, kultural eta politikoak, denok baikara beharrezkoak.
Egiari zor, aitortu beharrean gara, era berean, gure artean egin ditugula akatsak eta hobetu beharreko zenbait gauza baditugula. Hori ere ikasten ari gara, eta herritarrek ere badaukazue horretan zer esana, ditugun hutsuneak identifikatzea baita hobetzeko modu eraginkorrena. Horretan zuen laguntza beharko dugula ere badakigu.
Amaitzeko, esan nahi dugu gustura, harro eta baikor gaudela. Gustura, herritarren erantzuna egokia izan delako. Harro, gure eskualdeak erakutsi duelako eredu garela.Eta baikor, hasi berri garen bide berri honetan elkarrekin joango garelako.
Erabakitzen hasi gara. Elkarrekin, gure esku dago.
ZUZENDARIARI
Goierriko Gure Esku Dago-ren balorazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu