ZUZENDARIARI

Goza dezagun dantza! Bada tenorea!

Aitziber Zapiain.
Plazara Dantzara egitasmoa.
2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udaberria heldu da, eta iritsi dira gure herrietako bestak. Aurten mutil dantzaren doinu gozoa entzuteko aukera dugun plaza guztietan elkartuko gara berriz ere, plazak dantzan jarriaz. Denek dakigu mutil dantzak, gainontzeko tradizioak bezalaxe, etengabeko egokitzapen eta eraldaketen fruitu izan direla jaio zirenetik, etengabeko aldaketak egiten baitu tradizioa tradizio. Alta, horixe da tradizioaren ezaugarri nagusia, ez baitu irauteko beste modurik. Horregatik, pertsona askeak egingo gaituen tradizioa sortzeadugu helburu; zamarik gabeko tradizioa, bazterketarik gabekoa. Horixe Plazara Dantzaren nahia, horixe gu guztien beharra.

Ohitura segurtasuna dugu, heldulekua. Baina behar al dugu itoko gaituen heldulekurik? Gizartearen erdia baztertuko duen tradiziorik? Emakumea, historikoki, gizarteko alor guztietan, eta doike dantzetan ere, baztertua egon da. XVI. mendean, Elizak ikaragarrizko ahalegina egin zuenemakumea plazatik kanporatzeko. XXI. mendean, gizon batzuek berriz ere Elizaren babesa behar izan dute plaza pribatuan dantzatu eta emakumea baztertzeko. Hori al da idatzia utzi nahi dugun Baztango historia? Berako makil dantza, Zuberoako maskarada, Tolosako pordondantza, eta nola ez, Baztango mutil dantza, adibide nahikoak dira frogatzeko emakumeen parte hartze normalduak ez dakarrela inolako kalterik, ez tradizioaren hausturarik, ez kalitate galerarik. Aberastasuna dakar, horra diferentzia!

2013. urtean, Plazara Dantzara taldearen agerraldi batean zoriondu genuen Baztan, mamuak uxatu eta gibelerat bueltarik ez zuen bidea abian zelako. Hiru urte beranduago, berriz ere baztandarrak zoriontzeko arrazoiak sobera ditugu. Gure ondarea partekatuz dantzatuko gara berriz elkarrekin. Hori baita dantza, hori baitezake dantzak. Aunitz urtez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.