ZUZENDARIARI

Gu gara azken buhamiak

Allande Etxart
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gu gira buhamiak artikulu ederra irakurri dut Argia-n, hiru buhame emazteen argazkia Sohütako maskaradan hartua. Danborradako irudiak ere ikusi ditut ber denboran, partaidetza itzela, baina iaz 1813ko sarraskiez horrenbeste gauza irakurri ondoren, mutilak militar jantzietan eta neskak inude edo zerbitzari jantzietan ikusteak pentsakor utzi nau.

Maskaradetako argazkira itzuli naiz eta gogoala jin zait Battitta Berrogainen errana, Guimonekin batean maskaradetako errejenta; hark zioen Marcellin Heguiaphalen kaier batean aurkitu zuela maskaradetako artzainen jokoa eta ideia horrekin plazako jokoa asmatu zuela eta kantore bat ondu. Marcellin Heguiaphal pastoraleko errejent karguan ezagutu dut, errejent jakintsu eta zorrotza, eta hark emazteentzako zerbitzari karguak baizik ez zituen: ateetako oihalen zabaltzea, kaideren ekartzea edo ardi kaken biltzea. Ondoko errejentak, Battitta Urrutik, zituen emazteak taula gaineko karguetan sartu, edo sartzera utzi, aspalditik jokatu nahian baitziren.

Sohütako maskaradako emazteen presentzia berrikuntza bezala aurkezten da; aldiz, nik uste dut errejentek asmatu artzain jokoa dela benetako berrikuntza, eta finkatu gabeko galdera batekin gelditzen naiz: buhame gizonak aurpegi beltzarekin agertzen dira eta buhame emazteak ezpainak gorri eta larrua zuri. Buhame papera «feminizatu» dute ala buhame paper berri bat eraikia izan da, duda horrekin nago. Baina zerbitzari paperari buelta eman diotela, hori gauza segura da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.