Itzaire Haur Eskolako Ekipoa

Gure txikiek merezi dute

Aitziber Alduntzin, Aitziber Altuna, Izaskun Olano, Esther RiaƱo, Maxux Sucunza, Oihana Zabaleta, Ainhoa Cenzano, Miren Fagoaga eta Miriam Iparragirre
2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Jaiotzetik hiru urtera bitarte, pertsonen etaparik garrantzitsuena dela diote, ingurua ezagutzen hasten garen momentua, mundua sentitzekoa, etapa honetan bizitza guztirako barruan emango ditugun sustraiak eraikitzen dira.

Egun batzuk badira prentsatik albistea jaso genuela 0-3 zikloa banatzeko asmoa dutela; beste behin ere, zikloari labankada sartu nahi diote, oraingoan bihotzean, familia, herritar eta hezitzaileoi kezka eta harridura sorraraziz.

Guk, herritar, hezitzaile eta familia bezala, ardura daukagu etapa horrek merezi duen denbora, begirada, baliabideak eta zaintza eskaintzeko. Urte askotako lana dago horren atzean, Nafarroan egin den bidea izugarria izan da, beste erkidego askorentzat erreferentea da gurea; izan ere, interes ekonomikoen mesedetan beste erkidego batzuek egin dute haustura hori.

Aurten, 2-3 urteko haurren gelan ari gara lanean, une honetan gure haurrak bizitzak emandako aukerez gozatzen ari dira eskolan, batzuk lau hilabete zituztenetik daude gurean eta beraientzat konfiantzazko espazio segurua da. Izan ere, eskaintzen dizkiegun aukerak, bai material, espazio, eguneroko jarduerak, haien benetako beharrak entzunda prestatuta daude. Hori dena eskaintzen dion pertsona erreferentziazkoa da, zaintza eta une garrantzitsuak modu pertsonalean eskaintzen dizkiona, haurren babesgune izanik, haien jardunaldi osoan bere presentzia ematen diona.

Ez dakigu nola gauzatuko den; izan ere, hezkuntzako langileok kontuan hartu gabe pentsatutako erabakia izan da eta kezka handia sortu du inguruan, baita galderak ere. Baina argi duguna gauza bat da: zikloaren banaketa gure haurren ongizatearen aurka doala.

Gure txikiek merezi dutelako, egin dezagun haur eskolen aldeko apustua, masifikazioak ekidinez, haien beharrak entzunez, aukera anitz eskainiz eta kalitatezko zaintzan haziz. Jarrai dezagun bizitza osasuntsu baterako haziak ereiten.

Itzaire Haur Eskolako Ekipoa (Leitza, Nafarroa)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.