ESAITek antolatzen duen Mendi Martxa bihar abiatuko da. Hamahirugarrena izango den edizio honetan Bizkaiko Enkarterri eta Lapurdiko lurrak zeharkatuko ditugu bereziki. Ekitaldi honen helburua garbia da: herri bezala dagozkigun eskubideak aldarrikatzea. Kirol arlo guztietan gure selekzioa nahi dugu. Lagunarteko partidak ondo badaude ere, beste pauso bat eman beharrean gaude; ofizialtasuna da gure xedea.
Alderdi abertzaleek beren atxikimendua adierazi digute. Mendi Martxa honetan igaroko ditugun herrietan makina bat ekitaldi martxan da. Hau guztia antolatu ahal izateko sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu da, erraztasunak baino ez ditugu aurkitu. Baina nahikoa ez delakoan gaude. Euskal Herriko egoera errotik aldatu da, eta selekzioen gaiak ausardiaz jokatzeko eskatzen duelakoan gaude. Urteak dira kirolariak eta gizartea bera ofizialtasunaren alde agertu dela enplazatu zaion bakoitzean. Baina, tamalez, tristura nagusitzen zaigu Euskal Herriko parlamentu autonomiko, Espainia zein Frantziako parlamentu eta nazioarteko federazioei begira estrategia eta plangintza komunik gauzatzeko gai ez garela ikusita.
Bien bitartean, ekinbide xumeak gauzatuz, bidea egiten jarraituko dugu. Lanestosan abiatu eta Irunen emango diogu amaiera, zortzi eguneko zeharkaldiaren ondoren; bidean topatuko ditugun auzo, herri eta hirietan Euskal Herriko Selekzioen ofizialtasunaren aldeko mezua lau haizeetara zabalduko dugu. Ziur gaude gaur ereiten dugun haziak fruituak emanen dituela etorkizunean.
Oporretan ere, ESAITeko Mendi Martxak aukera paregabea eskaintzen digu gozamena eta aldarrikapena uztartzeko. ESAITen web orrian aurkituko duzu Mendi Martxa honetan parte hartzeko informazio zehatza.
Zuzendariari
Gurea defenda dezagun: gora Euskal Herriko selekzioa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu