Gero eta maizago ikusten da nola zenbait profesionalek kalte egiten dioten lankideren baten osasunari. Guztia isilpeko helburu bakar batekin: zigortzen den lankidearen kanporatze estalia lortzea. Laneko jazarpen psikologikoaz ari gara, gordintasuna leuntzeko-edo mobbing deitua. Jarrera eta ekintza baztertzaile horiek, jakina, gastu etengabeak eragiten dizkiote gizarteari esparru anitzetan: norbanakoaren osasunean, familian, gizarte segurantzan, justizian, enpresan bertan... Legeriak, printzipioz, jazarpena sufritzen ari den pertsona babesten du. Baina, gehienetan, hark lantokitik alde eginez amaitzen du sos batzuen truke. Eta kitto: helburua, betea. Baina kanporatze ezkutu hori antolatzen duten eragileak lantokiko arduradun nagusiak direnean, onar al genezake azken horiek lan-funtzio eta ardura berberetan jarraitzea behinsuntsipena gauzatu ostean?
Alegia, eskaini behar al diegu etorkizunean aukerarik kalbario berbera pasarazi diezaioten beste nornahiri? Betiere pertsonen mesedetan, ez al genituzke lehenetsi beharko giza harreman sanoak eta eraikitzaileak bultzatzen dituzten profesionalak? Txalotu egin behar al ditugu teknika maltzurrak, umiliazioa eta gehiegikeriak erabiliz, besteak begien aurretik kentzea modu jarraituan eta lasai asko planifikatzen dituztenak (azkenaldi honetan krisiaren aitzakiapean) enpresa-kudeaketaren izenean?
Bide horretatik, aldi berean, bistakoa da bertako lan-taldeekiko eragina: sorkuntzaren galera, menpekotasuna oinarri hartuta; beldurrezko isiltasun mingarrian eraikitako sasi-partaidetza; alde batera begiratzea, akats nabarmenenak agerikoak direnean ere; pasibotasuna, «inorekin badaezpada ere arazorik ez izateko»; inor horren arazo nagusietako bat lan-esparruko desadostasunak egoki kudeatzeko gaitasun eza nabarmena denean.
Jazarpen basatia delitu izanik, ez al litzateke berehala inhabilitatu behar arduradun hori, gutxienez gaitasun egokiak garatu dituela frogatu artean? Lehentasunezkoa da gizarteko erakunde guztietan aipatu joera maltzur suntsitzaile horri aurrea hartzea edota desagerraraztea. Behinik behin, prestakuntzan hainbeste ahalegin egin ondoren, gazteentzat lantoki osasungarriak eraiki nahi baditugu. Izan ere, soldataz gain, duintasuna funtsezkoa baita bizitzeko. Guztiaren gainetik, azken finean, sutzen gaituen eskola-jazarpena, arrazoi handiagoz erabat onartezina baita geroago Euskal Herriko lantokietan topatzea.
ZUZENDARIARI
Haurtzaroko jazarpena profesionalizatutakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu